Willis Drumond eta Delient taldeak Sanagustinen izango dira zapatuan

Uztarria.eus 2019ko urt. 8a, 11:09

Kontzertuak 23:00etan hasiko dira. Willis Drummondekin batera agertokian izango da Azpeitiko Delient musika taldea. Emanaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko, Kulturaz.eus webgunean edo Sanagustin kulturgunean, 12 euroren trukean.

Willis Drummond eta Delient musika taldeek kontzertua eskainiko dute zapatuan, Sanagustin kulturgunean. Emanaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko, Kulturaz.eus webgunean edo Sanagustin kulturgunean, 12 euroren trukean. 2019ko Kultur Bonoa dutenek, berriz, harekin sartu ahal izango dute, sarrerarik erosi gabe.

Willis Drummond taldeak kontzertu bira abiatu du zuzeneko CDa eta DVDa argitaratu berri dituen honetan, eta horiek eskainiko duten lehenengoetako kontzertua izango da zapatukoa. Hain zuzen ere, 23:00etatik aurrera Sanagustin kulturguneko agertokian izango da taldea. Ipar Euskal Herriko taldeak ibilbideko abesti entzutetsuenekin osatu ditu CDa eta DVDa, eta kanta horiek eskainiko ditu emanaldian.

Azpeitiko Delient taldeak, berriz, stoner eta rock doinuak uztartzen ditu. Mondocane, Ezinean eta Neu taldeetan aritutako Haritz Amezua (gitarra), Iñaki Odriozola (ahotsa), Ibai Blanko (baxua) eta Oihan Amezua (Azpeitia, 1984) musikariek osatzen dute Delient, eta azken hilabeteetan isilik egon ostean, gogotsu oholtzaratuko dira zapatuan. Honako lotura honetan irakur daiteke iaz Oihan Amezuari egindako elkarrizketa.