Freedoniaren musika beltzak Sanagustin hartuko du hurrengo ostiralean

Uztarria.eus 2019ko urt. 5a, 11:10

Madrilgo taldeak Shenobi azken diskoa aurkeztuko du hilaren 11n, eta soul, funk eta R&B doinuez osatutako abesti aldarrikatzaileak taularatuko ditu bederatzi laguneko bandak. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Soul, funk zein R&B zaleek hitzordua izango dute datorren ostiralean, hilaren 11n, Sanagustin kulturgunean. Freedonia Madrilgo taldeak musika beltzaz girotuko du aretoa orduan, eta azken lana aurkeztuko du bertaratzen direnen artean. Taldearen ezaugarrietako bat da hango musikariek zuzeneko biziak eskaintzen dituztela, eta Shenobi diskoa eskuetan dutela, aldarrikapenez osatutako abestiak taularatuko dituzte. Izan ere, emakumearen askatasuna jorratu dute azken diskoaren abesti guztietan.

Marx anaiek Duck Soup (Ahate zopa) filmean irudikatu zuten herrialdearen izena bereganatuta sortu zuten 2006an Freedonia taldea. Bederatzi laguneko taldeak musika beltza izan du oinarri hasieratik, eta ibilbidea hasi zutenetik lau disko kaleratu dituzte: Freedonia, Dignity, Freedom eta Shenobi. Azken urteetan sona hartu duen taldea da Azpeitira etorriko dena, eta hainbat komunikabidek iaz Espainian kaleratutako diskoen artean nabarmendu dute bandaren azken lana.

Ostiralean, 23:00etan hasiko da kontzertua, eta hara joateko sarrerak salgai daude dagoeneko. Sanagustin kulturgunean eta kulturaz.eus atarian eros daitezke aurrez, 18 eurotan. Egunean bertan, berriz, 20 eurotan salduko dituzte.