Aritz Unanue: "Zuzenean jotzea gustatzen zaigu gehien, eta horretarako aukera paregabea da Arkupehotsak"

Uztarria.eus 2019ko urt. 4a, 11:43
Eizagirre, Arribas, Unanue eta Etxaniz. (Izei)

Duela pare bat urte sortu zuten Izei taldea Joseba Eizagirre, Pello Arribas, Aritz Unanue eta Aitzol Etxaniz azpeitiarrek. Musikaren munduan eskarmentua duten lau lagun horiek Izei taldearekin lehen aldiz igoko dira Sanagustin kulturguneko agertokira gaur, 22:30ean hasita, Arkupehotsak egitasmoaren barruan. Deus Ez taldeak ere eskainiko du emanaldia, eta sarrera doakoa izango da. Uztarria.eus-ek Aritz Unanue Izei taldeko bateria-jotzailearekin hitz egin du, eta hark azaldu duenez, "dena emateko prest" daude taldekideak.

Lau lagunek osatzen duzue Izei taldea. Lehen ere musika talde hainbatetan ibiliak zarete, ezta?

Bai, hala da. Hiru taldekide aspaldiko lagunak gara; Joseba Eizagirre, Pello Arribas eta hirurok batera aritu izan gara Segabathor eta Arantzetan taldeetan. Horrez gain, Pello eta biok Vostok 108 taldeko partaide ere izan ginen. Aitzol Etxaniz Txati, berriz, Old Bridge taldetik dator. Denbora batez musika albo batera utzita egon ondoren, duela bi urte inguru proiektu berri bat hastea erabaki genuen Pellok eta biok. Berehala gehitu zitzaigun Joseba taldera, eta beranduago, Txati ezagutu genuen grabaketa batean. Gurekin batzera animatu genuen, eta segituan esan zigun baietz. Orduan sortu zen Izei.

Rocka eta metala uztartzen dituzue abestietan. Zer nola deskribatuko zenukete sortzen duzuen musika?

Musika indartsua eta melodikoa egiten dugula esango nuke. Halere, ez zait gustatzen etiketak jartzea, arriskutsua iruditzen zaidalako. Batzuentzat guk egiten dugun musika rock estilokoa da; beste batzuentzat, berriz, metal estilokoa; eta beste batzuentzat, batek daki zer estilotakoa den. Gure ustez horien guztien batuketa da guk egiten duguna. Entzundako abestiaren arabera pertzepzioa aldatu egin daiteke, abestiek eragin desberdinak baitituzte.

Nondik edan duzue abestiak sortzerakoan?

Mota desberdinetako musika entzuten eta jarraitzen dugu. Alde batetik, metala asko gustatzen zaigu; esate baterako, Su ta gar, Metalica, Sentenced, Inflames, Testament eta beste hainbat talde ditugu gogoko. Bestetik, euskal rocka ere asko entzuten dugu, hala nola Berri Txarrak, Gatibu, Sen, Hune edo Governors. Horiez gain, beste estilo batzuetako taldeak ere jarraitzen ditugu: Alter Bridge, Nirvana, Foo Fighters, Smashing Pumkins ala Red Hot Chilli Peppers. Beraz, musika estilo desberdinetatik edan dugula esan dezakegu.

Abestiak sortzeko prozesua nolakoa izan da?

Proiektu honen sormen prozesua ez da ohikoa izan. Orain arteko taldeetan, kantak denon artean egin izan ditugu, baina Izeiren hasiera apur bat trabatua izan zen, eta kostatu egin zitzaigun martxa hartzea. Kasu honetan Pellok sortu ditu abesti guztien oinarriak. Ia astero abesti berri batekin agertzen zen entseguetara, eta ondoren, guztion artean eman diegu forma abestiei. Eginez sortu ditugu kantak.

Diskorik edo maketarik kaleratzeko ideiarik ba al duzue buruan?

Ez dugu diskorik kaleratzeko asmorik. Zazpi kanta grabatu ditugu entsegu lokalean, eta horiek nahastu ahala aterako ditugu; ez disko formatuan, ordea. Gaur egun badaude norbere musika sustatzeko beste tresna batzuk ere.

Orain arte zer ibilbide egin duzue?

Gaurkoa bigarren kontzertua izango da. Egia esan, gauzak lasai hartzen ari gara, ez diogu denborari garrantzirik ematen. Iazko urtea grabatzen igaro genuen, eta orain, kontzertuak emateko gogoz gaude. Gure helburua lagun artean musika eginez gozatzea da, eta horretan ari gara.

Arkupehotsak egitasmoan parte hartzen ari zarete. Zer dela eta?

Guri zuzenean jotzea gustatzen zaigu gehien, eta horretarako aukera paregabea da Arkupehotsak egitasmoa. Geure herrian, Sanagustin kulturgunea bezalako areto batean, jotzeko parada izatea izugarria da. Oso gustura gaude.

Etxean aritzeko gogoz zaudete, beraz.

Bai, noski! Gertuko jendearen aurrean jotzea oso berezia da guretzat. Gu dena emateko gogoz gaude, eta herritar guztiak animatu nahi ditugu gaur gurekin elkartzera.  

Nolako kontzertua izango da?

Oso bizia. Urduritasun puntua dugu, erantzukizun handia sentitzen dugulako. Gauzak ondo egitea nahi dugu, eta hori horrela izan dadin, daukagun guztia emango dugu. Jendea gustura sentitzea nahi dugu, eta ea lortzen dugun publikoarengana iristea. Disfrutatzera igoko gara agertokira.