Saskiaren bi aldeak

Uztarria.eus 2018ko abe. 27a, 11:10

Herritarren erosketa ohiturak antzekoak dira urte osoan zehar, baina kontsumoak gora egiten du Gabonetan, baita herritarren kexek ere. Saltoki txikientzat garrantzitsuak dira Eguberrietako egunak nahiz beherapenen garaia. Gehiago erosten den arren, arrakalak sortzen dira dendarien artean. Kontsumo ohiturak ardatz, Uztarriaren 211. zenbakirako Maialen Etxaniz kazetariak idatzitako erreportajea da hau.

Bada urteko sasoi bat ohi baino gehiago jaten eta edaten dena. Saltokiak argiz betetzen direna. Haurrak denetariko opariak eskatzen hasten direna eta zenbaiten poltsikoak husten direna. Garai hori da Gabonetako ospakizunena. Baina zer erosten da, oro har, Gabonetan?

Herritarren kontsumo ohiturak zeintzuk diren ezagutzeko asmotan, erosketa joeren gaineko galdetegi bat prestatu zuen Bertan merkatari elkarteak duela urtebete inguru. Elkarteko teknikari Xabier Aldalurrek (Azpeitia, 1990) azaldu duenez, herritarrek urtean zehar dituzten joerak –egiten dituzten erosketak– eta Gabon garaikoak antzekoak dira. "Sasoi horretan aldatzen den bakarra da, oro har, kontsumoa areagotzen dela, gizarteak barneratuta dituen ohiturak tarteko: Olentzerori eta Errege Magoei eskatutako opariak, Gabonen bueltan egin ohi ditugun bazkariak eta afariak...”, azaldu du Aldalurrek. Osteran-tzean, “kontsumoaren gorakada” horren barruan egiten diren erosketen ezaugarriak ere “gutxi” aldatzen direla dio, urtean zehar egiten direnekin alderatuta.

Zer eta nola erosi?

Herritarrek produktuaren arabera hautatzen dute erosketak non egin. Hala dio Aldalurrek: “Kontsumo ohituren galdetegian jasotako emaitzen arabera, egunero erosten diren produktuak, hala nola jatekoa –haragia, arraina, fruta, ogia...– eta edariak, Azpeitian erosten dituzte herritarrek gehienetan; saltoki txikietan zein handietan. Azpimarratzekoa da pen-tsatzen duguna baino gehiago erosten dela herriko denda txikietan. Aldiz, horren ohikoak ez diren jakiak –pasta, zerealak...– supermerkatuetan erosteko joera dute herritarrek”.  
Ohikoak ez diren erosketei dagokienez, “bestelakoa” da egoera, Aldalurren arabera: “Altzariak, arropa, denetariko gailu elektronikoak... Horiek guztiak herritik kanpo erosteko joera dago, merkataritza zentroetan zein hiriburuetan. Kanpo saltzaile horien artean dago Internet, gaur egun, denetariko produktuak gero eta gehiago erosten baitira sarean”.
Internetek herritarren kontsumo ohituretan “aldaketa handiak” eragin dituela esan du Bertaneko teknikariak. Horrek “kezka” sor-tzen die herriko merkatariei: “Inongo hausnarketarik egin gabe, inertziaz hartu ditugu gizartean errotutako kontsumo ohitura horiek. Adibide argia da Internet bidez erosketak egiteko hartu dugun ohitura. Aldaketa horrek eragin ditzakeen ondorioez ez dugu hausnartu. Herriko saltokiak albo batera utzi eta Internetez erosten jarraitzen badugu, herriko merkatariek dendak itxi beharko dituzte”, adierazi du Aldalurrek. Horren harira, Europara begira jarri da: “Europako saltoki kopuruaren batez bestekoari erreparatuta, mila biztanleko zortzi denda daude. Azpeitian, aldiz, mila biztanleko hamalau saltoki edo denda txiki ditugu. Logikak erakusten du Europako gainerako herrialdeetako joerari jarraitzen badiogu, herriko saltoki txikiak galtzen joango direla”.  Egoeraren “larritasunaz” jabetuta, herritarrak gogoetara bultzatu nahi ditu Bertanek.

Eguberrietako saskia

Gabonetan batez ere ezohiko materialak edo produktuak saltzen badira ere, Eguberrietakoa garai “oparoa” izan ohi da harategientzat eta arraindegientzat. “Oraindik, Gabonetako bazkari-afariak etxean edo soziedadean egiten ditugu. Hemen ez dago jantokietara joateko ohiturarik oraindik, eta bertako produktuak erosteko joera dugu; herriko dendek asko nabaritzen dute hori”, azaldu du Aldalurrek.
Saltokientzat Gabonak sasoi “garrantzi-tsua” direla jakitun, abenduan erosketa kanpaina “berezia” egiten saiatzen da merkatari elkartea: “Saiatzen gara Eguberrietako kanpaina bereziki erakargarri egiten, Gabonetan horren ohikoa den kontsumo igoera hori Azpeitian jazo dadin”. Merkatarien xedea saltzea den arren, kontsumo arduratsua sustatzeko kanpainak ere egin izan dituztela kontatu du Aldalurrek: “Elkar-ekinek bigarren eskuko azoka antolatu izan duen aldietan, elkarteko zenbait saltokik beren materialak dohaintzan eman izan dituzte, behar zutenek han eskura-
tzeko aukera izan zezaten”.

Behin Gabonak igarota, nola jakin egindako kanpainak fruiturik eman al duen? Aldalurrek azaldu duenez, Azpeitiko dendariek ez dute Eguberrien ostean baloraziorik egiteko ohiturarik: “Azpeitian ez da egiten, baina Gipuzkoako merkatarien elkarteak egin izan ditu azterketak, eta ateratako datuen arabera, tokian tokiko salmentak beheraka doaz”. Orokorrean, Gabonak dira kontsumoa maila gorenera iristen den sasoia, baina bada beste aldi garrantzitsu bat ere: beherapenen garaia. Hala dio Aldalurrek:  “Zenbait sektoretan beherapenenak oso garrantzitsuak dira, eta badute Gabonekin lotura. Sasoi batean, legez debekatuta zegoen data jakin baten aurretik beherapenak egitea; dendek ezin zuten beherapenik egin urtarrilaren 7a eta uztailaren 1a baino lehen, hau da, neguko eta udako denboraldi amaierari dagozkien datak igaro arte. Duela bi urte inguru, ordea, bertan behera gelditu zen indarrean zegoen lege hori. Ondorioz, gaur egun, edozein unetan egin ditzakete dendariek prezio murrizketak”.

Beherapenenek saltoki txikiei “kalte handia” egiten dietela uste du Bertaneko teknikariak: “Egun, saltoki txiki askok elkarren artean ikusten dute konpetentzia, eta, ondorioz, horiek ez dute  elkarlanik egiten, beraien kalterako. Saltoki batzuek beherapenak aurreratzen dituzte, ondoko dendak baino gehiago saltzeko grinak bultzatuta. Baina beherapenak aurreratzen badituzte, materiala prezio murriztuan eskaintzen dute Gabonetan, eta horrek irabazi aukeren tartea jaisten die saltoki txikiei”. Horregatik, sektore berekoak diren saltokien arteko borroka da “arazorik handienetako bat” Aldalurren aburuz: “Dendarien artean sortzen den konpetentzia elkarri harriak botatzea bezalakoa da”.

Herritarren kexak

Herriko merkatariek harreman zuzena dute erosleekin urte osoan zehar, eta “gertuko” harreman hori azpimarratu du Aldalurrek. Izan ere, haren ustez, gertutasunak konfiantza eman diezaioke bezeroari. Hartu-emana zuzenekoa izatean, bezeroei laguntzea dagokie saltzaileei, baina baita kontsumitzaileen kexak entzutea ere. “Dena den, bezeroen kexek ez badute loturarik merkatari elkarteak antolatutako promozio kanpainekin, saltoki bakoitzaren ardura da bezeroekin harremanetan egotea eta kontsumitzaileak asetzea”.

Baina zer egin Internetez erositakoa dagokion lekura iristen ez bada? Zer egin telefonoaren ordainagirian espero ez diren zifrak irakurriz gero? Azpeitian bada bezeroaren arretarako bulego bat: KIUB. Sindikatu Zaharreko bigarren solairuan dago, eta bertako teknikaria da Mila Urzelai (Azkoitia, 1970). Hark azaldu duenez, Eguberri garaian jasotzen ditu merkataritzari lotutako kexa gehienak: “Kon-tsumo ohiturak aldatu direla ukaezina da, eta horren adibide garbia da urtean zehar ez dugula jasotzen merkataritza arloko erosketen inguruko kexarik. Jasotzen ditugun dei gehienak Internetez egindako erosketak erreklamatzeko izaten dira. Gure ardura da bezero horien zalantzak argitzea eta arazoak konpontzeko aholkularitza ematea”. Horregatik, uste du gertuko dendetan edo ezagunak diren saltokietan erosketak egitea “fidagarriagoa” dela. Dena den, produktuak herrian erosita edo kanpora eskatuta arazorik egon ez dadin, kontsumitzaileak “arduraz” jokatzea ezinbestekoa dela dio.