'Cubanas. Mujeres en revolucion' dokumentala eskainiko dute ostegunean Emakumeen Txokoan

Uztarria.eus | Gizartea
2018ko abe. 25a, 10:50

Emanaldia 18:30ean hasiko da, eta nahi duen oro bertara daiteke. Basanderiek asanbladak eta Askapenak antolatu dute proiekzioa. Azaldu dutenez, ikus-entzunezkoaren helburua da Kubako iraultzan emakumeek izan zuten "eragin zuzena" bistaratzea.  

Askapena antolakunde internazionalistak eta Basanderiek asanblada feministak antolatuta, Cubanas. Mujeres en Revolucion dokumentala eskainiko dute ostegunean, hilak 27, Emakumeen Txokoan, 18:30ean hasita. Ikus-entzunezkoak emakumeek Kubako iraultzan jokatutako rola aztertzen du, hamaika emakumeren testigantzak ardatz.

Emanaldiaren antolatzaileek azaldu dutenez, dokumentalaren xedea da Kubako iraultzan emakumeek izan zuten "eragin zuzena" bistaratzea: "Kubako iraultzaren kontaketaren nagusitasuna gizonek hartu dute, nahiz eta emakumeek ere ezinbesteko papera izan garaipenera eraman zituzten prozesu osoan. Nork ez ditu ezagutzen Fidel, Raul eta Che. Baina ez hainbeste Celia Sanchez edo Haydee. Hori da emakume iraultzaileen kondena: memoria eta iraultza ere gizonezko egin dituztela". Egoera hori irauli nahi dute Askapenak eta Basanderiekek, emakume iraultzaileek ere "merezitako aitortza" jaso dezaten. "Ostegunean omenaldi txiki bat egingo diegu Kuban egunerokoan borrokan dabiltzan emakume guztiei, blokeoaren aurka eta beste harreman eredu batzuei bide ematen".

Hona hemen trailerra:

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu