Lan istripuak salatzeko eta langileen arteko elkartasuna aldarrikatzeko mobilizatuko dira hilaren 30ean

Uztarria.eus 2018ko abe. 20a, 13:31
Gaztetxeko, Elkar-ekineko, Basanderiek asanbladako, CNT sindikatuko eta Ikasle Abertzaleakeko kideek deitu dute manifestazioa. (Gaztetxie)

Gaztetxeak, Elkar-ekinek, Basanderiek asanbladak, CNTk eta Ikasle Abertzaleakek deitu dute abenduaren 30eko manifestazioa, Itzalitako argiek piztuko dute sua lelopean. Deitzaileek adierazi dutenez, 2018an 68 langile hil dira Euskal Herrian lan istripuz, iaz baino hamalau langile gehiago. 

Iaz egin bezala, lan istripuz hil diren beharginak izango dituzte gogoan abenduaren 30ean Azpeitian. Manifestazioa deitu dute egun horretarako Azpeitiko Gaztetxeak, Elkar-ekinek, Basanderiek asanblada feministak, CNT sindikatuak eta Azpeitiko Ikasle Abertzaleak antolakundeak, Itzalitako argiek piztuko dute sua lelopean. Lan istripuak salatzeko, 2018an hildako langileak oroitzeko eta langileen arteko elkartasuna aldarrikatzeko irtengo dira kalera egun horretan. Mobilizazioa plazatik abiatuko da, 19:00etan.

Manifestazioa deitu duten eragileek jakinarazi dutenez, aurten, 68 langile hil dira Euskal Herrian, "edozein eratako lan istripuen ondorioz". Zifra hori "ikaragarria" dela diote. Beste datu bat ere eman dute: "2000. urtetik gaur egunera arte 3.000 langiletik gora hil dira Euskal Herrian". Datu horiei erreferentzia eginda, lan arloan jazotzen diren ezbeharrak "ohikoak" direla salatu dute: "Amets gaiztoa dirudien arren, langileen beharra heriotzaren giltza bilakatzen da sarritan. Izan ere, ekoizpen kostuak murrizteko langileen gutxieneko segurtasun baldintzak murrizten dira. Aipatzekoak dira presaka egitera behartuta gauden garraio lanetan izandako istripuak, tailerretako ekoizpen erritmo ezin azeleratuagoen ondorioz heriotza dakarten hanka sartzeak edota obretan segurtasun baldintza kaskarren ondorioz izaten diren istripuak". Lantokietatik kanpo ere "denetariko zapalkuntzak" jasaten dituztela salatu dute manifestazioaren deitzaileek: "Langile garenok behartuta gaude beste hamaika eraso eta zapalkuntza jasatera: estresa, lehiakortasunaren inposaketa, kontrol teknikoa, soldata jaitsiera, lan kaleratzeak, aldi baterako lanaldiek dakarten ezegonkortasuna, astearen araberako ordutegi aldaketak eta bezperan edo egunean bertan eskatzen dizkiguten aparteko lan orduak, besteak beste". Deitzaileen arabera, enpresarientzat langileak izango dira errudunak: "Enpresariek dena justifikatuko digute ekoizpen arazoak aitzakiatzat hartuta edota lantegiaren ustezko egoera kaskarraren ondorioz. Modu horretan, nagusien ezintasunak zuzenean jasaten ditugun subjektu bakarra bihurtzen gara. Betiko leloa: langileria da ezbehar ororen erruduna". 

Gaztetxeak, Elkar-ekinek, Basanderiekek, CNT-k eta IAk uste dute langileeen "bizi baldintzak eta ezbeharrak" ezin direla lanpostuetara zein lantegietara mugatu. "Bizitzaren eremu guztietan eragiten digu soldataren dinamikak. Horren erakusle diren dozenaka adibide ditugu gure egunerokoan. Esaterako, lanpostua bilatzeko baldintza ezin kaskarragoetan gure familietatik urruntzeko hautua hartzea, murrizketak pentsioetan, familia koordinatzeko arazoak, sexuen araberako lan banaketa eta segregazioa, aisialdirako denbora ororen ukapena, ikasketak ordaintzeko baldintza eza... Geroz eta bakartuagoak aurkitzen garen gizarte batean laguntza kolektiboa izateko arazoak, finean", azaldu dute. 

2007ko krisi ekonomikoaz geroztik, "gutxienez", langileen bizi baldintzen beherakada "etengabekoa eta nabarmena" izan dela adierazi dute bost eragileek. Horren harira, erakundeei egin diete erreferentzia: "Mundua gobernatzen duten erakunde ekonomikoak eta politikoak –Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Banku Zentrala– ohartarazten ari zaizkigu 2021. urtean munduko ekonomiaren krisi berri bat jazoko dela, baina inork ez digu azaltzen ekonomiaren porrotaren zergatia zein den; errudunik eta irtenbiderik ez balego bezala".

Elkartasunerako deia

"Lan istripuen eta langileek jasaten dituzten zapalkuntzen aurrean", elkartasunez erantzutearen "garrantzia" azpimarratu dute manifestazioaren sustatzaileek: "Errealitatea estutzen ari zaigu etengabe, eta, egunez egun, biderkatzen ari da langileon batasunaren premia. Elkartasunez eta kolektiboki erantzutea da gure aterabide posiblea, behin eta berriro erakutsi dugun moduan. Horren adibide dira, azken krisialditik gaur egunera arte, langileon elkartasuna oinarri hartuta antolatu diren hamaika ekimen herritar". Adierazi dutenez, "asko" dira azken urteotan gorpuztu diren "langileriaren antolakuntza esperientzia positiboak". Besteak beste, honako hauek aipatu dituzte: "Etorkinen eta errefuxiatuen babeserako mugimenduak, emakumeen autodefentsa dinamikak, ikasle autodefentsa sareen eraikuntza institutu zein unibertsitateetan, gaztetxeen eta gazteen auto-antolakuntza esperientzien biderkatzeak, pentsiodunen borroka nekaezina eta orotariko erasoen aurrean lanpostuetan egindako lan sindikala". Manifestazioa babestu duten bost taldeetako kideek uste dute denen zeregina dela "langileria osoaren defentsa biderkatzeko" lanean jarraitzea. "Elkar babesteko antolatzea bizitza ulertzeko modu berri bat da bere horretan. Aurrean dugun errealitatea borrokatzeko ezinbestekoa da langileon arteko batasuna", diote. Horrenbestez, azpeitiarrei dei egin diete abenduaren 30eko mobilizazioan parte har dezaten.

Iaz egin zuten aurrenekoz urte osoan zehar jazotako lan istripuak salatzeko manifestazioa, abenduaren 30ean. 2017an bederatzi lagun hil ziren eskualdean lan istripuz, eta haiek gogoan, Bederatzien sugarra, garraxi bakarra lelopean deitu zuten manifestazioa. Orduko hartan, Azpeitiko Gaztetxeak, Elkar-ekinek, Ikasle Abertzaleakek, Ernaik, CNTk, ELAk eta LABek deitu zuten protesta. Azkoitiko Piztu taldeak ere bat egin zuen manifestazioarekin.