Lezo Urreiztietaren bizitza ardatz duen 'Jainkoak ez dit barkatzen' filma emango dute bihar Soreasun

Uztarria.eus 2018ko abe. 18a, 15:06

Josu Martinez zinemagileak zuzendutako Jakinkoak ez dit barkatzen filma izango da ikusgai bihar, asteazkena, Soreasu antzokian, 21:30ean hasita. Filmak Lezo Urreiztieta santurtziarraren bizitza du oinarri; itsasgizona, abertzalea eta kontrabandista zen Urreiztieta. Ikus-entzunezkoaren zuzendariak "XVI. mendeko pirata" bezala definitu du. Martinezen arabera, Urreiztietak milaka arma erosi zituen euskal antifaxistentzat. Bere bizia arriskuan jarriz, ehunka pertsonarena salbatu zuen. Franco hiltzen saiatu zen. Euskal Herriaren askatasuna negoziatu zuen atzerriko gobernuekin. Hura hil eta 40 urtera, haren bizitza ardatz duen filma sortu du Martinezek. Izan ere, Martin Ugalde idazlearen magnetofonoak Urreiztietaren istorioa ezagutarazi du, protagonistaren beraren ahotsaren bitartez. Izan ere, Ugaldek eta Urreiztietak 1975. eta 1978. urteen artean izandako elkarrizketa batzuetatik abiatzen da ikus-entzunezkoa. Martinezen arabera, Jainkoak ez dit barkatzen filmak argitara atera du XX. mendeko euskal historian "funtsezkoa" izan zen norbaiten lekukotza.

Ezohiko orduan emango dute filma, 21:30ean, hain zuzen. Paradisu Zinema zineklubak antolatu du biharko saioa.