Ostegunean irekiko dute Bidezko Merkataritzako denda, Betharramen

Uztarria.eus 2018ko abe. 17a, 16:09
Bidezko Merkataritzako denda, Frontoi Txikiaren ondoan jartzen zutenean.

Hamabi egunez zabalduko ditu ateak Mixio Taldeak antolatutako egitasmoak, urtarrilaren 5a bitartean. Bidezko merkataritzako ohiko produktuez gain, artisautzak ere izango du tartea dendan, baita Alboan GKEak eta Khamar Sahararen aldeko taldeak ere.

Gabon garaiko urteroko hitzordua beteko du aurten ere Parrokiako Mixio Taldeak, Bidezko Merkataritzako denda irekita. Aurten, kokapen berria estreinatuko du dendak: Betharrameko aretoan jarriko dute. Urte luzez Frontoi Txikiaren ondoko eraikinean jarri ondoren, iaz Foru Ibilbideko udal erakusketa aretoan ipini zuten, eta aurten berriro aldatuko dute tokiz.

Ostegunean, hilaren 20an, zabalduko dute Bidezko Merkataritzako denda. Guztira, hamabi egunez irekiko ditu ateak, urtarrilaren 5a bitartean, egun batzuetan eguerditan eta besteetan arratsaldez. Bidezko merkataritzari dagozkion ohiko produktuez gain (kafea, panela, arroza, txokolatea...), artisau lanak, jostailuak edota apaingarriak ere jarriko dituzte salgai. Gainera, gizarte lanean aritzen diren bi erakundek ere beren txokoak izango dituzte Mixio Taldekoen dendan: Alboan GKEak eta herriko Khamar Sahararen aldeko taldeak.

Egutegia eta ordutegia

Hauek dira Bidezko Merkataritzako denda irekita egongo den egunak eta orduak:

Abenduak 20, 18:00etatik 20:00etara.

Abenduak 22, 18:00etatik 20:00etara.

Abenduak 23, 12:00etatik 14:00etara.

Abenduak 26, 27, 28 eta 29, 18:00etatik 20:00etara.

Abenduak 30, 12:00etatik 14:00etara.

Urtarrilak 2, 3, 4 eta 5, 18:00etatik 20:00etara.