Iñigo Iriondo: "Fibromialgia dugun gaixoak beti besteen susmopean bizi gara"

Urola Kostako Hitza 2018ko abe. 14a, 12:00
Iñigo Iriondo. (Ihintza Elustondo)

Bideak Zabalduz egitasmoaren aurkezpena egingo dute gaur, 19:00etan, Soreasun. Han izango da Iriondo, Bizi Bide elkarteko lehendakaria, fibromialgia gaitza gizarteratzeko helburuarekin.

Bizi Bide elkarteko lehendakaria da Iñigo Iriondo (Azpeitia, 1962); Gipuzkoako fibromialgia, neke kronikoaren sindromea, sentsibilitate kimiko anizkoitza edota elektrohipersentsibilitatea dituzten gaixoen elkartea da hori. Gaztetatik izaten zuen gorputz osoa minberatuta, eta duela hamar urte diagnostikatu zioten fibromialgia Iriondori; orduan egin zuen bat elkartearekin.

Noiz eta zer helbururekin sortu zen Bizi bide elkartea?
2003an sortu zen, fibromialgia, neke kronikoaren sindromea, sentsibilitate kimiko anizkoitza eta elektrohipersentsibilitatea dituzten gaixoak bakarrik ez egoteko. Guk edonori azaltzen diogu zer daukagun, eta ez digu inork ulertzen. Egoera horren aurrean sortu zen elkartea. Gaur egun, 400 bat bazkide gara elkartean, eta Gipuzkoan 18.000 pertsonak dute gaitz horietakoren bat edo gehiago.

Gaitzek elkarren artean ba al dute zerikusirik?
Bai, lotuta doaz. Nik fibromialgia eta sentsibilitate kimiko anizkoitza dauzkat. Beste batek izan ditzake laurak batera ere. Horregatik sortu zen elkartea lau gaitz horien bueltan, gaixotasun horiek ezagutzera ematea eta horiei ikusgarritasuna ematea nahi dugulako.

Zer da fibromialgia?
Gorputz osoko etengabeko mina, hasi oin azpitik eta goraino. Eta ez dakizu zerk eragiten dizun giharretako mina. Ni gaztetan hasi nintzen arazoekin; 14 urterekin izan nuen aurreneko ziatika krisia, hori izan zen hasiera. Gero, urte mordo bat pasatu nuen zer nuen jakin gabe; medikuarenera joan eta antiinflamatorioa ematen zidan, eta horrek ez zidan mina kentzen. Errehabilitazioa eta abar egin dut, eta ez dut sekula lortu ondo jartzea. Azkenean, traumatologo batek zera esan zidan: "Zuk fibromialgia daukazu". Ziur-ziur ez dakite, medikuek ere ez baitakite ondo nola diagnostikatu gaitza; baina balorazio bat egin zidaten, eta han jasota dago fibromialgia dudala. Hala ere, noizbait pasatu izan zait beste traumatologo batengana joan, eta hark galdetzea ea nork esan didan fibromialgia daukadala. Balorazioa eginda daukat, eta han garbi jartzen du hori daukadala.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren atarian.