Egurra ta Kittoren '10 urte' diskoaren hiru ale zozkatuko ditu Uztarriak

Uztarria.eus 2018ko abe. 14a, 09:35

Zozketan parte hartu nahi duten bazkideek mezu bat idatzi behar dute zozketakuztarria@gmail.com helbidera, bazkidearen izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa zehaztuz. Zozketan parte hartzeko epea abenduaren 19ko 12:00etan itxiko da.

Egurra ta Kitto musika taldeak 10 urte bete ditu aurten, eta urtemugaren harira disko berezia kaleratu du, 10 urte izenekoa. Egurra ta Kitto taldearen bosgarren lana da hori, eta Uztarria Komunikazio Taldeak diskoaren hiru ale zozkatuko ditu bazkideen artean. Zozketan parte hartu nahi dutenek mezu bat idatzi behar dute zozketakuztarria@gmail.com helbidera, bazkidearen izen-abizenak eta harremanetarako telefono zenbakia zehaztuz. Zozketan parte hartzeko epea abenduaren 19ko 12:00etan itxiko da. Egun horretan bertan jakinaraziko ditu Uztarria Komunikazio Taldeak saridunen izenak, Uztarria.eus-en. Diskoak non eskuratu saridunei zuzenean adieraziko zaie; horregatik, ez ahaztu telefono zenbakia ere jartzea, harremanetarako.

Azpeitiko gazte batzuek osatu zuten Egurra ta Kitto duela hamar urte, eta urteotan hainbat taldekide aldatu egin badira ere, gaur egun hiru dira azpeitiarrak: Orhantza Alegria gitarra-jotzailea, Aitor Letamendia tronboi-jotzailea eta Iñaki Bastida bateria-jotzailea. Orotara, hamazortzi abesti jaso dituzte azken diskoan, eta horietatik hamar dira berriak. Gainerako abestiak "bereziak" direla aurreratu du Egurra ta Kittok. Diskoa Interneten jarri dute eskuragarri. Disko fisikoa ere atera dute, eta Orkatzen dago salgai. Hori kaleratzeak dakartzan kostuei aurre egiteko finantzaketa kolektiboa jarri zuen martxan Egurra ta Kittok. Azken lana Zestoako Gaztain Estudioan grabatu du Azpeitian jaiotako musika taldeak. 

Lehiaketa gehiago datozen hilabeteetan

Uztarria Komunikazio Taldeak gisa honetako lehiaketa gehiago egingo ditu datozen aste eta hilabeteetan, eta beraz, bizkor ibili eta egin zaitez Uztarriako bazkide! Horretarako klikatu hemen eta abantaila ugariz gozatu ahal izango duzu.