"Ginkanaren bidez, Azpeitian erosketak egiten dituzten bezeroak saritu nahi ditugu"

Uztarria.eus | Publizitatea
2018ko abe. 13a, 19:54

Gabonetarako kanpaina berezia jarri du martxan Bertan merkatari elkarteak, eta estreineko aldiz herriko saltokietan osatzeko ginkana prestatu dute. Erosketak egiten dituztenei zigiluak emango dizkiete, eta sei zigilu eskuratzen dituztenen bezeroek 1.000 eta 200 euroko erosketa bonoak irabazteko zozketan parte hartuko dute.

Zer nolako ginkana antolatu duzue?

Herriko sei saltokitan erosketak egin eta 1.000 euroko erosketa bono bat irabaztea; hori da, hitz gutxitan, antolatu dugun ginkanaren funtsa. Olentzeroren eta Mari Domingiren irudia daraman eskuorria banatu dugu herriko etxe guztietara, eta orri horren bidez herritarrek lehiaketan parte har dezakete. Era berean, eskuorria Bertan elkarteko saltokietan ere eskatu daiteke. Gingana osatu nahi dutenek Bertaneko sei saltokitan erosketak egin beharko dituzte, berdin du zenbat gastatzen duten. Erosketa bakoitzarekin zigiluak lortuko dituzte, eta behin sei zigilu eskuratuta, herriko hainbat puntutan jarri diren postontzietan utzi beharko dituzte herritarrek eskuorriak. Modu horretara, zozketan parte hartu ahal izango dute. Guztira 3.000 euroko balioa duten erosketa bonoak zozkatuko ditugu: 1.000 euroko sari bat eta 200 euroko hamar sari.

Zein da egitasmoaren helburua?

Gabon garai honetan Azpeitian erosketak egiten dituzten bezeroak saritzea da ekimenarekin lortu nahi duguna. Era berean, kontsumitzaileak saltokiak ezagutzera eta bisitatzera bideratu nahi ditugu herritarrak. Urte guztian antolatu ohi ditugu herrian erostea saritzen duten zozketak, deskontuak eta bestelako ekintzak, baina Gabonak bereziak direnez, jai hauetan zerbait ezberdina egitea nahi izan dugu.

Kanpaina mota hau egiten duzuen lehen aldia da. Nondik sortu zitzaizuen ideia?

Bi ideia uztartzen ditu egitasmoak: herritarrok erronkarako daukagun zaletasuna eta sari potoloek izaten duten erakargarritasuna. Jakinekoa da erronkek motibatu egiten gaituztela, eta ginkana bat osatzeak beti du bere zailtasuna. Gainera, saria erakargarria bada, eta kasu honetan argi dago hori horrela dela, erronka osatzeko nahia areagotu egiten da. Bi elementu horien emaitza da kanpaina. Horrez gain, Bertan elkartearekin bat datozen zenbait balio ere sustatzen da ekimenaren bidez: parte-hartzea, herrian kontsumitzea, saltokien arteko harremanak…

Herritarrek zer lortu ahal izango dute ginkanaren bidez?

Hasiera batean, badirudi ginkanaren erakargarritasun nagusia saria dela, baina egitasmoaren atzean beste gauza asko daude, hala nola herrian erosteak dituen abantailak azpimarratzekoak dira: herritarrek aholkuak jasotzen dituzte herriko saltokietan, kalitatezko produktu eta zerbitzuak eskuratzen dituzte, kalean giroa sortzen da, herriko ekonomian laguntzen da...

Olentzeroren etorrerarekin egingo duzue zozketa.

Hori da. Antolatzen ditugun ekimenak Azpeitiko Udalaren babesarekin egiten ditugu, eta gikana ere haren laguntzarekin prestatu dugu. Abenduaren 24an etorriko da Olentzero Azpeitira, eta egun horretan egingo zaion ekitaldian jakinaraziko dira saridunen izenak. Olentzerok herrian utziko dituen lehen opariak izango dira, beraz.

Zer lan du kanpaina hori antolatzeak?

Koordinazio eta komunikazio lanak eskatzen ditu gehienbat. Kanpainaren oinarriak zehaztu ondoren, parte hartuko duten saltokiei jakinarazi behar zaizkie egitasmoaren nondik norakoak. Egia da dendariekin komunikazio sare egokia osatuta dugula, baina haietako arduradunak behar bezala informatzeak lana eskatzen du beti. Horrez gain, herritarrei komunikatu behar diegu kanpaina antolatu dugula. Gaur egun, alde guztietatik iristen zaigu informazioa, eta sarritan ez da erraza izaten kontsumitzaileei kanpainen berri ematea. Horregatik, komunikazio plan on bat egiteak aparteko ahalegina eskatzen du.

Gabon sasoian hainbat ekintza antolatzen du Bertanek. Aurten ere egingo al dituzue?

Bai. Ginkanaz gain, beste zenbait egitasmo ere badugu eskuartean. Estaerako, dagoeneko martxan da Erakusleiho Lehiaketa. Herriko 37 saltokik eman dute izena, eta beraien erakusleihoak Gabonetarako apaindu dituzte horiek. Azken urteetan bezala, epaimahai batek hiru erakusleiho onenak sarituko ditu. Aurten, ordea, bada berritasunik lehiaketan; izan ere, lehen aldiz herritarren saria egongo da: parte-hartzaile guztien argazkiak Bertan elkartearen Facebook kontuan eskegiko ditugu, eta Atsegin dut gehien jasotzen dituenak irabaziko du sari hori. Era berean, boza ematen dutenean artean 100 euroko erosketa bonoa zozkatuko dugu.

Bestetik, Gabon Parkea ere izango dugu beste urte batez: abenduaren 26an, 27an eta 28an eta urtarrilaren 2an, 3an eta 4an Izarraitz pilotalekuan haurrentzako eta gaztetxoentzako jolasak izango dira. Ohi bezala, 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik parkea, eta bi euroko sarrera izango du. Dena den, Bertaneko saltokietan erosketak egiten dituztenek doan eskuratu ahal izango dute sarrera. Gabonak amaitzeko, berriz, Erregeetako Zozketa izango dugu. Azpeitiko Udalaren ekimenez egingo dugu zozketa, eta horretarako txartelak abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitartean banatuko ditugu. Urtarrilaren 5ean, Errege Magoen etorrera ekitaldian, zenbaki saridunak jakinaraziko ditugu. Guztira, 500 euroko hiru erosketa bono zozkatuko ditugu.

Azaroaren bukaeran erakusleihoak beltzez estali zenituzten, herria saltokirik gabe irudikatzeko asmoz. Zer eragin izan du kanpainak herrian?

Egitasmoa egin genuenean, jakitun ginen erakusleihoak beltzez estaltzeak ez zituela herritarren kontsumo ohiturak egun batetik bestera aldatuko. Edozein kasutan, badirudi ekimenak zeresana eman duela, eta hein batean, hori nahi genuen; jendea hausnartzen hastea. Lagunarteako esanak edota haurren eta gurasoen arteko galdera-erantzunak ikusita, kanpainak izan du bere eragintxoa. Horrenbestez, helburuak bete direla esan dezakegu.

Gabon sasoia zer nolakoa da herriko saltokientzat?

Gabonen inguruan, orokorrean, kontsumoa areagotu egiten da, eta beraz, sasoi berezia izaten da merkataritzan lan egiten dugunontzat. Opariak, bazkariak, afariak... Ospakizun ugari egin ohi dugu, eta negozio jardueretarako garai garrantzitsua izaten da.

Bidali: