'Todo va a salir bien' diskoa aurkeztuko du Depedrok zapatuan Sanagustin kulturgunean

Uztarria.eus 2018ko abe. 13a, 14:16

Hainbat abeslari ezagunen kolaborazioarekin osatu du Depedrok bere azken lana. Diskoaren grabaketan parte hartu dute, besteak beste, Luz Casalek, Amparo Sanchezek eta Fuel Fandangok. Depedroren aurretik, Jon Gurrutxaga musikariak Kateak diskoa aurkeztuko du, Urbil Artolarekin batera. Kontzertuak 23:00etan hasiko dira, eta sarrerak eskuragarri daude Sanagustinen nahiz kulturaz.eus webgunean.

Depedro abeslari eta gitarra-jotzaileak urrian kaleratutako diskoa aurkeztuko du zapatuan, hilak 15, Sanagustin kulturgunean. Todo va a salir bien du izena Depedroren azken diskoak, eta hainbat abeslari ezagunen kolaborazioarekin osatu du. Diskoaren grabaketan parte hartu dute, besteak beste, Luz Casalek, Amparo Sanchezek, Fuel Fandangok, Izelek eta Coque Mallak. Munduko hainbat txokotako artistekin lanean aritzeko joera du Depedroren atzean dagoen Jairo Zavala artista madrildarrak, eta hori da haren berezitasunetako bat. Izan ere, Zavalaren ibilbide artistikoa beste artista batzuentzat abestiak idazten hasi zen. Besteak beste, Amparanoia, Los Coronas eta Calexico musika taldeentzat kantuak egin zituen Azpeitira etorriko den musikariak.

Larunbatekoa Depedrok Azpeitian emango duen hirugarren kontzertua izango da. Madrilgo artistak 2014. urtean eskaini zuen Azpeitian emandako lehen kontzertua, eta orduko hartan Casualidades (2013) diskoa aurkeztu zuen. Handik denbora gutxira, 2016an, itzuli zen Azpeitira, El pasajero diskoa aurkezteko. 

Depedro ez da Sanagustingo oholtzara igoko den artista bakarra, ordea. Haren aurretik, Jon Gurrutxagak Kateak diskoa aurkeztuko du, Urbil Artola musikariaren laguntzaz. Bi artistek blues melodiez girotuko dute kulturgunea. Musikagintzan bi hamarkada betetzeko bidean da Jon Gurrutxaga. Arima Beltza taldean egin zituen aurreneko urratsak, eta orduz geroztik beste musikari batzuen proiektuetan parte hartu du. Jon & Sugramas diskoa kaleratu zuen 2010. urtean, eta lau urte geroago itzuli zen Hitz lauz diskoarekin. Argitara atera duen Kateak lanean, 20 urteotan pilatutako esperiantzia agerian utzi du Gurrutxagak.

Kontzertuak 23:00etan hasiko dira. Sarrerak eskuragarri daude Sanagustin kulturgunean nahiz kulturaz.eus webgunean: aurrez, hamabost euro ordaindu beharko dira; egunean, bertan, berriz, hamazortzi euro.

Hona hemen Depedroren eta Jon Gurrutxagaren abesti bana: 

Depedro eta Amparanoiaren Lorona:

Jon Gurrutxagaren Desitxuratuz abestia: