Eguraldi tristearekin baina giro ederrean hasi dituzte Santa Luzia festak Elosiagan

Uztarria.eus 2018ko abe. 13a, 13:41

Santa Luzia eguna da gaur, abenduak 13, eta festa giroan murgilduta dabiltza goizetik Elosiaga auzoan. Suziriarekin eta kanpai hotsekin hasi dute eguna, eta eguraldi tristea ez da oztopoa izan ekitaldiak egiteko. Hain zuzen ere, meza egin dute auzoko baselizan aurrena, eta Azpeitiko zein Zumaiako abesbatzek zenbait abesti kantatu dituzte Jose Luis Frantzesena organo-jotzailearen laguntzarekin. Ondoren, berriz, hamaiketakoaz gozatu ahal izan dute dozenaka herritarrek Añota sagardotegian. Hitzeder eta Lidia trikitilariak aritu dira giroa alaitzen, eta jan-edanik ez da falta izan mahaiaren bueltan.

Santa Luzia festak hasi baino ez dira egin; izan ere, zapatuan kantu zaharren bazkaria egingo dute, eta igandean pilota partidak, herri kirol erakustaldia eta bazkaria egingo dituzte.

Hona hemen datozen egunetako egitaraua:

Abenduak 15, zapatua:

14:00etan, kantu zaharren bazkaria Añota sagardotegian, Anjel Mariaezkurrenaren eskutik. 

Abenduak 16, igandea:

Suziriak botako dituzte goizean, eta horren ostean hasiko dira prestatutako ekintzak. 

11:00etan, pilota partidak, bikoteka eta buruz buru. Bikoteka arituko dira Aneitz eta Ohiana Orbegozo, Maddi Unanueren eta Alaitz Badiolaren kontra. Eneritz Arrieta eta Araitz Eizagirre arituko dira buruz buru. 

Pilota partidak bukatzean, kalejira egingo dute Añota sagardotegiaren atarira, Lidia eta Hitzeder soinu-jotzaileekin. 

12:30ean, aizkolarien eta harrijasotzaileen erakustaldia. Nor baino nor arituko dira Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño aizkolariak. Harrijasotzen, aldiz, Xabier Aranburu Guzta arituko da. 

14:30ean, bazkaria Añota sagardotegian. Bailarako jubilatuentzat, doan. 

Bazkalostean, bertsotan arituko dira Julio Soto eta Sebastian Lizaso, trikiti doinuak lagun.