Bideak Zabalduz egitasmoaren aurkezpena egingo dute ostiralean Soreasun

Uztarria.eus 2018ko abe. 11a, 10:20
Bideak Zabalduz proiektuaren aurkezpen bateko irudia. (Agisas)

Gizarte beharrak komunitateari erakusteko helburuz, Gipuzkoako lau elkartek egiten duten lana plazaratuko dute 19:00etatik aurrera Soreasu antzokian. Agisas, Gielmar, Katxalin eta Bizi Bide elkarteek hainbat azalpen emango dute, eta Bideak Zabalduz proiektuaren barruan egin dituzten bost film labur ikusi ahal izango dira. Sarrera doakoa izango da, eta bertaratzen diren herritarrei koloniarik, perfumerik, kremarik eta usaina duten produkturik ez emateko eskatu diote proiektuaren sustatzaileek.

Bideak Zabalduz proiektuaren aurkezpena egingo dute ostiralean, 19:00etan hasita, Soreasu antzokian. Agisas Gipuzkoako Gipuzkoako integratzaile eta animatzaile soziokulturalen elkartea da proiektuaren sustatzailea, eta irabazi asmorik gabeko elkarteak integratzeko eta horiek egiten duten lana ikusarazteko jarri du martxan egitasmoa. Gizarte beharrak komunitateari erakusteko antolatu dute ostiraleko ekitaldia, eta hain zuzen ere, Gielmar, Katxalin eta Bizi Bide elkarteek beren egitekoak azalduko dituzte. Izan ere, elkarte horiek batu dira aurten Bideak Zabalduz egitasmora.

Gielmar elkarteak Gipuzkoako elbarriekin egiten du lan, Katxalin bularreko minbizia edo minbizi ginekologikoren bat duten emakumeen elkartea da, eta Bizi Bide Gipuzkoako fibromialgia, neke kronikoa eta sentsibilitate kimiko anizkoitza duten herritarrena. Elkarte horiek egiten duten lana jasotzen duten bost ikus-entzunezko emango dituzte ostiralean Soreasun; Andoaingo Zine Eskolaren laguntzarekin osatutako lanak ikusi ahal izango dira. Bizibidek elkartearen erreportajea eta Vivir bajo sospecha lanak emango ditu, Gielmarrek La igualdad filma eta Katxalinek Puertas abiertas aunque la vida no siempre sea de color rosa. Gainera, elkarte guztiek elkarlanean osatutako Cosas de mayores film laburra ere eskainiko dute. Ikus-entzunezko guztiak euskaraz azpititulatu dituzte, eta zeinu hizkuntzara itzulita daude.

Bideak Zabalduz proiektuaren sustatzaileek herritarrei ekitaldira bertaratzeko deia egiteaz gain, horiei koloniarik, perfumerik, kremarik eta usaina duten produkturik ez emateko eskatu diete. Izan ere, produktu horiek "eragin larriak" sor ditzakete sentsibilitate kimiko anizkoitza duten pertsonengan. Ekitaldirako sarrera doakoa izango da.