Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketatik kanpo gelditu da Ilunpe

Uztarria.eus 2018ko abe. 10a, 12:30
Usansoloko eta Ilunpeko pilotariak atzo. (Pilota bizi)

Atzo, igandea, Usansoloren aurka 2 eta 1 galdu zuten kanporaketa Azpeitiko pilotariek. Hori dela eta, ez dute txapelketan jarraituko. Bestalde, Julen Egiguren azpeitiarrak eta Gartziak Bankoa Crédit Agricole-El Diario Vasco txapelketako finalerako txartela eskuratu zuten zapatuan Eibarren.

Asteburuan hasi da Euskal Herriko Kluben Arteko Pilota Txapelketaren V. edizioa, eta Ilunpeko kideek atzo, igandea, ekin zioten lehiari. Azpeitiko pilotariek Usansolokoak izan zituzten aurrez aurre, eta ezin izan zituzten Bizkaiko pilotariak mendean hartu. Senior mailako pilotariak aritu ziren lehian. Lehen partida, lau eta erdikoa, 18 eta 4 galdu zuen Gorka Iriartek, eta eskuz banakakoa ezin izan zuen irabazi Unai Salegik (11-18). Hirugarrenenean gailentzea lortu zuten Julen Egigurenek eta Daniel Murgiondok; izan ere, binakako partida 22 eta 5 irabazi zuten azpeitiarrek. 2 eta 1 bukatu zen kanporaketa, eta emaitza hori tarteko, txapelketatik kanpo gelditu da Ilunpe.

Egiguren, finalera

Azken egunotan ez dira emaitza guztiak txarrak izan Ilunpekoentzat. Izan ere, Julen Egiguren azpeitiarrak eta Gartziak Bankoa Crédit Agricole-El Diario Vasco txapelketako finalerako txartela eskuratu zuten zapatuan Eibarren. 18 eta 22 hartu zituzten mendean Agirremalloa eta Apezetxea. Finalak abenduaren 22an, larunbatez, izango dira Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan.