Izarraizko karsta ezagutzeko ibilaldi gidatua antolatu dute hilaren 15erako

Uztarria.eus 2018ko abe. 7a, 11:24
Erlo mendia. (Euskal-Herria.org)

09:00etan Aittolako aparkalekutik irten eta Erlorainoko ibilbidea osatuko dute, bidean hainbat geldialdi eginez. Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu du eta Inma Mugerza geologoak eta Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak gidatuko dute ibilaldia. Parte-hartzea doakoa da, baina izena eman behar da.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak Izarraizko karsta, Geoparkeko harresia mendi ibilaldi gidatua antolatu du abenduaren 15erako, zapatua; Mendien Nazioarteko Eguna izango da hilaren 11, eta data horren bueltan prestatu dute irteera. "Urola eta Deba ibaien artean ageri den Izarraizko karsta Kontserbazio Bereziko Mendigunea da, interes berezia duten habitat naturalak gordetzen baititu. Non eta nola begiratu jakinez gero, iraganeko garaietako arrastoak ikus daitezke harrietan; Pirinioen sorrera, itsas mailaren gorabeherak edota duela hainbat milioi urte Kantauri itsasoan bizi ziren izakien berri jakin dezakegu, besteak beste. Gainera, leize eta kobazuloz jositako ingurua da Izarraitz eta han-hemenka urak ibilbide bitxiak egiten ditu, Erloko barrunbeak zeharkatuz", azaldu dute antolatzaileek, prestatu duten ibilaldiaren interesa nabarmentzeko

09:00etan abiatuko da ibilaldia Aittolako aparkalekutik, Zorrozpeko atsedenlekutik. Erloko gailurrerako bidean hainbat geldiune egingo dituzte, inguruak eskaintzen dituen altxorrez gozatzeko. Inma Mugerza geologoak eta Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak gidatuko dute ibilaldia. Euskaraz emango dituzte azalpenak. Lau bat orduko ibilaldia izango dela aurreratu dute antolatzaileek, eta jateko zerbait eta ura eramateko gomendioa egin dute. Parte-hartzea doakoa da, baina izena aurrez eman behar da, 943 19 24 52 telefonora deituz (Debako turismo bulegoa) edo geoparkea@geoparkea.com e-postara idatzita. Plazak mugatuak dira.