Mikel Larrañagak Urrezko Aizkolari Koparen finala jokatuko du

Uztarria.eus 2018ko abe. 5a, 13:14

Mikel Larrañaga, iazko Urrezko Aizkolari Koparen txapela jantzita.

Joseba Otaegi gainditu zuen azpeitiarrak joan den igandean, txapelketaren lehen finalaurrekoan. Iaz lortutako txapela defendatzeko aukera izango du azpeitiarrak Urtezahar egunean Asteasun jokatuko den finalean.

Mikel Larrañaga da aurtengo Urrezko Aizkolari Koparen lehen finalista. Azpeitiarrak joan den igandean jokatu zuen txapelketaren lehen finalaurrekoa, Usurbilgo Saizar sagardotegian, eta Urtezahar egunean Asteasun jokatuko den finalerako txartela eskuratu zuen, Joseba Otaegiri aise irabazita. Iaz jokatu zuen lehen aldiz Urrezko Aizkolari Koparen finala Larrañagak eta berak jantzi zuen txapela; beraz, bigarrenaren bila aterako da datorren abenduaren 31n.

Datozen egunetan jakingo du azpeitiarrak finalean aurkari izango dituen beste bi aizkolarien izenak. Datorren igandean jokatuko da bigarren finalaurrekoa; Aizarnazabalen, Jon Rekondok eta Xabier Orbegozo Arria V.a errezildarrak neurtuko dituzte indarrak, finalerako bigarren txartelaren bila. Hirugarren finalaurrekoa, berriz, zehazteke dago oraindik. Abenduaren 16an izango da, Otxandion (Bizkaia), eta Iñaki Azurmendi da zuzenean sailkatuta dagoena. Haren aurkaria zein izango den bihar jakingo da, kanporaketa faseko azken saioan: Eneko Otaño beizamarra eta Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra dira Azkoitiko Gurea frontoian lehiatuko direnak, azken finalaurrekoan sartzeko.