Abereh eta Zizel taldeen abestiek girotuko dute Azpeitiko Gaztetxea gaur

Uztarria.eus 2018ko abe. 7a, 10:12
Zizel taldea. (Zizel)

Zizelek eta Aberehek 'Serendipia' eta 'Zaunka datoz arin' diskoak aurkeztuko dituzte, hurrenez hurren. 22:30ean hasiko dira kontzertuak.

Zizel taldearen eta Abereh bakarlariaren kontzertuak izango dira gaur, ostirala, Azpeitiko Gaztetxean, eta estilo desberdinetako askotariko doinuez gozatzeko aukera izango dute 22:30etik aurrera hara bertaratzen direnek.

Zizel Azkoitiko taldeak Serendipia diskoaren aurkezpen bira amaituko du gaur Gaztetxean eskainiko duen kontzertuan. Alberto Martinez eta Mikel Iraeta azkoitiar musikariek osatzen dute taldea, eta base elektronikoak, gitarra, bateria, sintetizadoreak, teklatua, ahotsa eta euskarazko hitzak uztartzen dituzte abestietan. Hainbat musika taldetan ibili ostean, Martinezek sortu zuen iaz bakarkako proiektua, eta hilabete batzuetara Iraeta batzu zen Zizelera. Apirilean, berriz, Serendipia lehen diskoa kaleratu zuen taldeak. Joan zen urrian, berriz, Han Da Hemen abestiaren bideoklipa argitaratu zuen bikoteak.

Erik Berganzaren bakarkako proiektua da Abereh, eta iaz kaleratutako Zaunka datoz arin diskoa aurkeztuko du Azpeitiko Gaztetxean. Hain zuzen ere, zazpi abestiz osatutako diskoa kaleratu zuen iaz, eta horiek taularatuko ditu gaurkoan. Musikariak abesti akustikoak sortzen ditu, distortsioa alde batera utzi gabe, ordea. Besteak beste, rocka, grungea eta folka lantzen ditu kantuetan, eta J. Mascis, Lou Barlow, Kurt Vile, Califone, David Bazan, Jeremy Enigk, Brian Fallon, Chuck Ragan, Dinosaur Jr. eta Husker Du "dezente" entzun ondoren sortutako abestiak direla irakur daiteke musikariak sarean egiten duen aurkezpenean.