Emakume Master Cupeko Promozio Mailako finala jokatzeko prest da Oihana Orbegozo

Uztarria.eus 2018ko abe. 4a, 17:33
Orbegozo, Aldai, Espinar eta Arrizabalaga finalistak

Azpeitiarrak igandean jokatuko du emakumeen lau eta erdiko eskuz banakako txapelketako Promozio Mailako finala, Amaia Aldai dimoztarraren kontra. Azkoitiko Gurea pilotalekuan izango dira txapelketaren bukaerako norgehiagokak, 12:00etan hasita. Azpeitiarrak txapelketan aurrera egin ahala "gusturago" jokatu duela esan du. Urola Kostako Hitzak Orbegozori egindako elkarrizketa kaleratuko du bihar.

Gaur, asteartea, aurkeztu dituzte Emakume Master Cup pilota txapelketako finalak Azkoitiko Oteiza pilotalekuetan, eta han izan da, besteak beste, Oihana Orbegozo pilotaria. Izan ere, azpeitiarrak igandean jokatuko du emakumeen lau eta erdiko eskuz banakako txapelketako Promozio Mailako finala, Amaia Aldai dimoztarraren kontra.

Gurea pilotalekuan izango dira Promozio Mailako nahiz Lehen Mailako finalak, 12:00etan hasita, eta sarrera doakoa izango da. Txapelketan 18 tantora aritu badira ere, 22 tantora jokatuko dituzte finalak. Aurrena Promozio Mailakoa jokatuko dute Orbegozok eta Aldaik, eta ondoren neurtuko dituzte indarrak Gernikako (Bizkaia) Olatz Arrizabalagak eta Usansoloko (Bizkaia) Patri Espinarrek. Lehen Mailako finala estua izango dela aurreikusten dute; izan ere, biek jokatu zuten eskuz binakako txapelketaren finala joan zen martxoan. Orduko hartan Arrizabalagak eta Etxanizek jantzi zuten txapela Espinar eta Arrieta 22 eta 7 mendean hartuta.

Pilotariak indarrak neurtzeko gogoz agertu dira finalaren atarian, eta denek esan dute txapelketaren hasieran baino hobeto sentitzen direla orain. Aldaik aurten parte hartu du lehen aldiz Emakume Master Cupen, eta sekulako txapelketa gauzatuta, finalean izango da Orbegozoren aurka. Orbegozo, berriz, finalerdietara iritsi zen iazko edizioan. Azpeitiarrak txapelketan aurrera egin ahala "gusturago" jokatu duela esan du. "Egia esan, ondoen sentitu nintzen eguna finalerdietakoa izan zen. Beraz, ea finalean beste hainbeste egiten dugun”. Aldai ere ilusioz da finalerako: “Finalean Orbegozori gerra pixka bat eman nahi diot, eta disfrutatzea ere espero dut".

Arrizabalagak eta Espinarrek lehen aldiz jokatu dute eskuz banakako Master Cup txapelketa. Espinarrek txapelketa ederra osatu du, hainbat goi mailako pilotari lehiatik kanporatu baititu. Hark esan duenez, baina, kirol maila igo egin da azken urteetan. "Gero eta zailagoa da finaleratara iristea. Esperientzia berri bat izan da; izan ere, gaztetxotatik jokatu gabe nengoen lau eta erdiko txapelketa batean". Espinarrek barre artean azaldu duenez, Arrizabalagari "gerra pixka bat" ematea espero du: "Maila badago". Ildo beretik hitz egin du Arrizabalagak ere: "Iaz min hartuta egon nintzen, eta ezin izan nuen jokatu. Aurten, ilusioa izan dut txapelketa hau jokatzeko, buruz burukoa bakarkako txapelketa delako eta titulua ere norberea delako". Gernikarrak partidarik partidara "sentipen hobeak" izan dituela adierazi du: "Ea finalean partida polit bat egiten dugun; ondo irteten bazaigu, hala izango dela pentsatzen dut".

Finalerako sarrera doakoa izango da, eta Euskal Telebistak eta Euskadi Irratian zuzenean emango dute.