Bukaeraren hasiera

Berria.eus | Politika
2018ko abe. 4a, 14:46

Atzo hamar urte hil zuen ETAk Inaxio Uria, Azpeitian, ezker abertzalea estrategia berriari buruzko aurreneko barne gogoetak egiten zebilela. Honako hau Enekoitz Esnaola kazetariak Berria-rako idatzitako artikulua da.

Inaxio Uriaren oroimenez 2013an egin zuten elkarretaratzeko irudia.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Atzo hamar urte hil zuen ETAk Inaxio Uria enpresaria, Azpeitian, Loiola auzoan tirokatuta. 2008ko abenduaren 3a zen. Oso faktore garrantzitsua izan zen ezker abertzalean ofizialki hasteko ETAren jardun armatuaren bukaerari buruzko eztabaida; atentatuaren ondoren erabaki zuten ezker abertzaleko koadro batzuen artean eztabaidatzen hastea estrategia berriaz. Uriarenak "barne tentsio handia" eragin zuen, eta ETAk berak ETAren zuzendaritzarekin azken elkarrizketa liburuan (2018ko ekaina, Txalaparta-Gara) jakinarazi zuen "borroka armatua babesten zuten sektoreetatik ere" izan zirela "kritika gogorrak" Loiolako ekintzagatik. "Ezker abertzaleari kohesioa eman diona proiektu politikoarekiko eta ildo orokorrarekiko atxikimendua izan da, ez borroka armatuaren alde egotea. Horregatik, logikoa da ekintza armatuei eta ondorioei buruzko hausnarketa kontrajarriak agertu izana [...] Ekintza batzuekin beste batzuekin baino gehiago gertatu da, eta [...] Uriaren adibidea horietako bat da", zioen ETAk liburu horretan.

ETA su-etenean zela 2006ko abenduaren 30ean Barajasko (Madril) aireportuan bonba-auto bat lehertzeak —bi zibilen heriotza— astindua sortu zuen ezker abertzalean; 2007an Genevan (Suitza) elkarrizketa prozesua amaitu ondoren, 2008an baina Uriarenaren aurretik, kritika handiak sortu zituzten Isaias Carrasco Arrasateko (Gipuzkoa) PSE-EEko zinegotzi ohiaren hilketak eta Nafarroako Unibertsitateko eztandak ere —hogeitaka lagun zauritu—. Uriarenak inarrosaldi handia ekarri zuen, eta, ezker abertzale osoan, erakundeetatik oinarriko jendeagana ere atera ziren kezka eta autokritika; tartean, ETAtik, modu indibidualean bazen ere.

Erabakigarria zen garaia ezker abertzalean. Estrategia politiko-militarra ezbaian zegoen. ETAk borroka armatuan jarraitzea deliberatu zuen 2008ko batzarrean, hausnarketa estrategikoarekin segitzeko asmoa ere bazuen arren. Hamabost hilabete kartzelan pasatu ondoren, Arnaldo Otegi 2008ko abuztuaren 30ean irten zen Martuneteko kartzelatik (Donostia), eta hiru hilabetean ez zuen jendaurreko agerraldirik egin. Ezker abertzaleko hainbat lagunekin aritu zen bere gogoetei buruz. Nola pasatu soilik estrategia baketsu eta politikora? Nola formulatu hori? Azarotik aurrera, bi hitz hasi zen erabiltzen: "Estrategia eraginkorra". Esaten zuen horren beharra zutela ezker abertzalean "ziklo berri bat" hasteko.

Abenduaren 6ko asmoa

2008ko udatik baziren ezker abertzalearen eta EAren arteko harreman batzuk polo subiranista bat eratzeko, eta Otegiren ildokoak abenduaren 6an prentsaurreko bat ematekoak ziren ezkerreko subiranisten elkarlanaz. EAk erabakia zuen EAJrekiko koalizioa haustea, eta lanak aurreratuxe ziren ezker abertzalea eta biak hautagaitza batean joateko 2009ko Eusko Legebiltzarrerako bozetan, baldin eta ETAk, urrats zehatzen batekin, bermerik erakusten bazuen bake bideekiko. Ordea, 2008ko abenduaren 3an, ETAk Uria hil zuen (Azpeitia, 71 urte), eta aukera hura "pikutara" joan zen orduan, Unai Ziarreta EAko garai hartako presidenteak esan izan duen bezala. ETAk agiri batean azaldutako arrazoiak Uriaren aurka egiteko: AHTaren eraikuntzan parte hartzea haren enpresak, eta iraultza zerga ez ordaintzea. Azpeitian, 2007tik, ANV, EA eta Aralar zeuden udal gobernuan —lehen aldiz zen ezker abertzaleko kide bat alkate (ANVkoa)—; zentsura mozio baten ostean, EAJ jarri zen.

Imanol Murua Uriak, Ekarri armak liburuan (2015, Elkar-BERRIA), dio "Uriaren hilketak eragin zituen desadostasunak eta zalantzak tarteko, ezker abertzaleko erakunde ezberdinetako zuzendaritzek estrategiari buruzko eztabaida zabaltzea" erabaki zutela 2008ko abenduan, eta ETAren idatzi batean ageri zela "estrategia osoa berrikustea helburu" zeukala "barne hausnarketak".

2009ko lehen partea itogarria izan zen ezker abertzale ofizialarentzat: EAEko bozetarako D3M eta Askatasuna baliogabetu egin zituzten Espainiako auzitegiek, eta Europakoak ontzat jo zuen Batasunaren legez kanporatzea.

Baina ziklo berriari buruzko gogoetak ez zuen etenik izan: martxoaren 16an Otegik, Rafa Diezek, Ainhoa Etxaidek, Arkaitz Rodriguezek, Miren Zabaletak eta beste bederatzi militante ezagunek agerraldi bat egin zuten hedabideen aurrean, Donostian, indar independentisten elkarlana sustatu nahi zutela iragartzeko —Bateragune auziaren sorburuetakoa izan zen hura Madrilentzat—.

Murua Uriak Iñigo Iruin abokatuaren eta bien arteko pasadizo bat kontatu zuen Ekarri armak aurkeztu ostean BERRIAri emandako elkarrizketan: "Egia esan, nik interpretatu nuen talka gainditu zela. Berrian asteroko analisia idatzi, igandean kirola egitera atera, eta bizikletan Itziarren gora nindoala, Iruin ere bizikletan, ni baino azkarrago. Azkartu egin nuen haren martxan jarraitzeko, eta hark erritmoa mantsotu zuen nire martxan joateko. Iruin ez zen prentsaurreko hartan izan, baina banekien bazekiela esanahia zein izan zitekeen; nik baino askoz gehiago zekiela, seguru. Banekien Iruin zer joeratan zegoen, eta bizikletan gindoazela aipatu nion aste hartako argazkiak esan nahi zuela eztabaida aurrera eramaten ari zirela. Eta esan zidan ezetz, lasai egoteko, hura hasiera besterik ez zela, oraindik gelditzen zela eta auskalo zer aterako zen handik. 2009ko martxoa zen. Talka hasten ari zen".

Transatlantikoa mugitzen

Zabalduz zihoan estrategia eraginkorraren aldeko diskurtsoa. 2009ko udarako eztabaida "ondo" zihoala aitortu zuten ezker abertzaleko kide esanguratsuek, "transatlantikoa zuzentzen" ari zirela. Hango sektore batzuen eta ETAren artean konfiantza urratuta egon zen; sintonia falta. Hori ikusi zen ezker abertzaleak 2009ko azaroaren 14an Altsasun (Nafarroa) barne eztabaidaren hasiera ofizial egin zuen garaian: Argitzen zen Otegiren-eta txostena, eta azaldu zen Mugarri ere, bestelakoa. Argitzen-ek nahi zuena zen borroka armatua estrategia berrirako hasieratik baztertzea; Mugarri-k ez zuen aurreneko pauso horren beharra ikusten estrategia berri baterako. 2009ko urriaren 13an Bateragune auziko operazioa jazo arren, eztabaida egin zen, eta Argitzen atera zen aurrera.

Ezaguna da ondoko sekuentzia ere: 2009ko uztailean, ETAk berariaz egindako azkeneko hilketak; 2010eko otsailean, Zutik Euskal Herria adierazpena, eta, hil berean, ETAren hautu ez-publikoa jardun armatua geratzeko; 2010eko martxoan, Bruselako adierazpena; irailean, Gernikako Akordioa; 2011ko urtarrilean, ETAren su-eten egiaztagarria; otsailean, Sorturen estatutuen iragarpena eta HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldearen aurkezpena; irailean, NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordearena; urrian, Aieteko konferentzia eta ETAren berria jarduera armatuaren bukaeraz.

Aldaketa estrategikorako gogoetak aspalditik zetozen arren, prozesu erabakitzailea oso azkar joan zen. Uriaren aurkako atentatuak azkartu egin zuen.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu