Jose Andres Perezek irabazi du xakeko Gipuzkoako Hirugarren Mailako txapelketa

Uztarria.eus 2018ko abe. 4a, 16:41
Jose Andres Perez Gipuzkoako txapelduna, partida bat jokatzen.

Txapelketa berean zortzigarren postuan sailkatu da Cristian Cretu eta Azpeitiko bi jokalariek lortu dute datorren denboraldian Bigarren Mailan lehiatzeko txartela.

Azpeitiko hainbat xakelari Gipuzkoako Banakako Txapelketan murgilduta ibili dira azken asteotan. Joan den abenduaren 1ean bukatu ziren maila ezberdinetako lehiak, eta bi azpeitiarrek, Jose Andres Perezek eta Cristian Cretuk mailaz igotzea lortu dute.

Hirugarren Mailan lehiatu diira Perez eta Cretu, eta biek eskuratu dute datorren denboraldian Bigarren Mailan aritzeko txartela. Perezek, gainera, txapela irabazi du, jokatu dituen zazpi partidetan 6,5 puntu pilatuta. Cretu, bere aldetik, zortzigarren tokian sailkatu da, bost punturekin.

Bigarren Mailako txapelketan lehiatu dira Eneko Alberdi eta Iñaki Uranga; biek bina puntu batu dituzte, eta ez dute igotzerik lortu. Gauza bera gertatu zaie Hirugarren Mailako txapelketan parte hartu duten Aner Alonsori eta Gorka Urangari; Alonsok hiru punturekin bukatu du txapelketa, eta 2 punturekin, berriz, Urangak.

Azpeitiarrak San Andres Txapelketan

Gipuzkoako Txapelketa bukatu eta biharamonean, igandean, jokatu zen Azkoitian San Andres Xake Txapelketa. Bertan, Azpeitian bizi den Alejandro Franco madrildarra bigarrena izan zen sailkapenean, Enrique Tejedor txapeldunaren atzetik.

110 jokalari lehiatu ziren Azkoitian eta, Azpeitiko xake taldeko jokalariei dagokienez, Cristian Cretu izan zen aurrena, 57. postuan, 5 punturekin; Aitor Priya, 4,5 punturekin, 67. sailkatu zen; Jose Andres Perezek ere 4,5 puntu batu zituen eta 68.a izan zen; Aitor Elustondok, Eneko Alberdik eta Gorka Urangak launa puntu batu zituzten, eta 74., 83. eta 84. postuetan bukatu zuten, hurrenez hurren; Iñaki Uranga 87.a izan zen, 3,5 punturekin; eta Aner Alonso 91.a, 3 punturekin.