Gaztetxoentzat ekintzak antolatu dituzte Gabonetako oporraldirako

Uztarria.eus 2018ko abe. 5a, 10:16
Plazatarrak egitasmoko irudi bat.

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrek hiru ekintza egingo dituzte Gabonetan; abenduaren 26an, 27an eta 28an. Gaztelekukoek, berriz, abenduaren 26an irteera egingo dute. Urrestillan ere eskainiko dituzte Gazteria zerbitzuak hiru egunetan. Datozen egunetan eman ahal izango da ekintzetarako izena.

Urtero legez, Gabonetako oporraldirako haurrei eta nerabeei zuzendutako ekintzak antolatu ditu Udaleko Gazteria Sailak. Ekintzak abenduaren 26an, 27an eta 28an egingo dituzte, adin tarte desberdinetan banatuta.

Batetik, Haur Hezkuntzako bosgarren mailatik Lehen Hezkuntzako bigarren mailara arteko haurrek eta Lehen Hezkuntzako hirugarren mailatik seigarrenera artekoek Ludotekaren bidez egingo dituzte ekintzak. Izena abenduaren 10etik 14ra bitartean eman beharko dute eskaera orria Azpeitiko Gazte Informazio Bulegora (GIB) eramanda –Plaza Txikian, Udaltzaingoaren ondoan–. Hiru egunetako ekintzak hamabost euro ordaindu beharko dituzte; bi ekintza goiez egingo dituzte, eta hirugarrena egunpasa izango da.

Gaztelekuko nerabeek, berriz, egunpasa egiteko aukera izango dute abenduaren 26an. Irteera DBH 1. maila eta Batxilergo 2. maila arteko gaztetxoentzat izango da, eta izena Gaztelekuan eman beharko dute abenduaren 15a bitartean. Horiei ikastetxeetan banatuko dizkiete izen-emate orriak.

Bestalde, Urrestillan beraien egitaraua izango dute, azken urteetako moduan. Estankoan eskuratu ahal izango dira izen-emate orriak, eta bertan laga beharko dituzte betetakoan.