Bihar hasiko dira Ernairen Askatasun Bulkaden Topaketak, herri maputxearen gaineko solasaldiarekin

Uztarria.eus 2018ko abe. 3a, 15:30

Hitzaldi zikloa antolatu du Azpeitiko Ernaik datozen asteetarako. Hiru lan ildo jorratuko dituzte solasaldietan: internazionalismoa, feminismoa eta presoak. Gai horien historian eta bilakaeran sakontzea nahi dute Ernaiko kideek, baita gai horien inguruko azalpenak herriko gazteei hurbiltzea ere. Bihar eskainiko dute aurreneko hitzaldia, Orkatzen.

Azken bi urtetan egin bezala, topaketak antolatu ditu Azpeitiko Ernaik abendurako. Aurten, Askatasun Bulkaden Topaketak izena jarri diote hitzaldi zikloari. Orotara, hiru solasaldi eskainiko dituzte, eta horietako bakoitzean gai jakin bat jorratuko dute. Internazionalismoaz hitz egingo dute aurrena, feminismoaz ondoren, eta, bukatzeko, presoen egoera izango dute hizpide. Ernaiko kideek azaldu dutenez, "herri libre bat lortzera bidean", ezinbestekoa ikusten dute hainbat arloren gaineko jakintza elikatzea. Horregatik sakonduko dute hiru gai horietan. Bihar, astartea, ekingo diote prestatutako egitarauari, Herri maputxearen historia eta erresistentzia izeneko hitzaldiarekin. Solasaldiaren bitartez, "herrien arteko xamurtasunean" sakondu nahi du Ernaik. Hitzaldia Orkatzen izango da, 19:00etan hasita. Wallmapu Euskal Herriako lagunak elkarteko kideak arituko dira hizlari lanetan. 

Abenduaren 11n, aldiz, Borroka feministaren bilakaera hitzaldia izango da Emakumeen Txokoan, 19:00etatik aurrera. Solasaldian zehar Azpeitian mugimendu feministak izan duen bilakaera izango dute hizpide. Modu horretan, belaunaldi ezberdinetan mugimendu feministaren bueltan lanean aritu diren herritarren azalpenak eta bizipenak ezagutzeko tartea izango da.  

Hilaren 14an itxiko dute hitzaldi zikloa, presoen inguruko solasaldiarekin. Ernaiko kideen hitzetan, "presoen gaia gazteengandik urruntzen ari da", eta egoera horri bira emateko antolatu dute presoen eta deportatuen senide gazteek eskainiko duten hitzaldia. Leire Arrieta, Intza Larrañaga eta Irati eta Garazi Urdalleta arituko dira hizlari lanetan. Horiek guztiek senideren bat izan dute preso edo deportatuta, eta lehen pertsonan bizitakoak azalduko dituzte hitzaldian. Sanagustin kulturgunean eskeiniko dute solasaldia, 12:00etan hasita. Ernaiko kideek jakinarazi dutez, herriko ikasleekin batera prestatu dute hitzaldia, eta eskolak etengo dituzte hitzaldi horretarako.