Hainbat eragilek babestu dute Elkar-ekinek apustu etxearen kontra deitutako elkarretaratzea

Uztarria.eus 2018ko abe. 3a, 14:04
Hainbat eragilek eta herritarrek egin dute bat elkarretaratzearekin. (Elkar-ekin)

Zabaldu berri duten apustu etxearen aurkako elkarretaratzea egingo dute abenduaren 15ean, Balentina Agirre plazan, 19:00etan. Herriko hamazazpi eragilek bat egin dute protestarekin.

Zabaldu berri dute apustu etxea, eta horrek eztabaida piztu du herrian. Elkar-ekinek deituta, hainbat protesta egin dute azken boladan; besteak beste, 1.636 herritarrek beren atxikimendua eman zuten urrian apustu etxearen aurka egindako sinadura bilketan. Ildo beretik, abenduaren 15ean elkarretaratzea egingo dute, Azpeitian apustu etxerik ez lelopean, Balentina Agirre plazan, 19:00etan. Herriko hainbat eragilek babestu dute mobilizazioa: hain zuzen ere, bat egin dute deialdiarekin Basanderiek talde feministak, LAB, ELA eta CNT sindikatuek, EH Bilduk, Sortuk, Orkatz kultur elkarteak, Ernai gazte erakundeak, Ilunpe pilota elkarteak, Ikasberri kirol elkarteak, Azpeitiko Gaztetxiek, Erniarraitz bertso eskolak, Khamar Sahararen aldeko taldeak, Marea Arroxa festa batzordeak, Urrestillako festa batzordeak, XJ Auzolanean Sanjuandegiko auzo elkarteak eta Elkar-ekinek. Guztira, hamazazpi taldek babestu dute elkarretaratzea.

Talde horiek gogorarazi dutenez, hamar urte igaro dira Reta enpresak Bilbon lehen lokala ireki zuenetik. Geroztik, Espainiako estatuan beste 56 lokal ireki ditu enpresa horrek, eta lokal horiez gain, 2.500 terminal (apustuak egiteko makinak) ditu ezarrita tabernetan nahiz jatetxeetan. Enpresa horrek berak zabaldu du Azpeitiko apustu etxea, eta protestarekin bat egin duten eragileek salatu dute "apustuen merkatuan esperientzia zabala duten enpresari handiak" direla proiektu horren atzean daudenak.

Haien arabera, krisi ekonomikoa deitu izan zaionaz geroztik, Espainian asko hazi da apustuen merkatua. "Eusko Jaurlaritzaren arabera, 2017. urtean 340 milioi euro gastatu ziren apustuetan Eusko Autonomia Erkidegoan, 2016an baino %10 gehiago eta eta 2012an baino %113 gehiago. Enpresa horiek 46 milioi euroko irabaziak izan zituzten, 2016an baino %13 gehiago eta 2012an baino %80 gehiago. Zazpi urtean biderkatu egin dira EAEn egindako apustu kopuruak; 2017. urtean, 36 milioi izan ziren apustu horiek. Apustua ez dela errenta dio esaerak, baina gutxi batzuk errenta handiak pilatzen ari dira azkenaldian", salatu dute.

Irabazien atzean, galerak

"Irabazi handien itzalean", apustuetan dirua galtzen dutenak daudela gogorarazi dute eragileek: "Enpresa horiek hainbeste diru irabazi izanak jendeak beste hainbeste galdu duela esan nahi du. Prekarietatea eguneroko ogia den honetan, asko dira diru gehigarri baten bila apustuetara jotzen duten herritarrak. Ez da kasualitatea apustu etxeak langile auzoetan kokatu izana".

Apustuen merkatuan sartu diren "enpresa handiak" beti aterako dira irabazten, elkarretaratzearen deitzaileen ustez. "Abiadura da egungo apustu moduaren ezaugarri nagusietako bat: apustu bat amaitu orduko egin dezakegu bestea, eta kasu askotan, apustu bat galtzean, berehala berreskuratu nahiko dugu galdutako dirua, amaierarik ez duen zurrunbilo batean sartuz. Irabaztean ere antzekoa gertatzen da: bat irabazi badugu, zergatik ez dugu irabaziko hurrengoa?".

Haien arabera, "mendekotasuna sortzen duten teknikak" darabiltzate apustu etxeek, "joko arduratsua" sustatzen dutela esaten duten  bitartean. Hori guztia kontuan izanda, Azpeitian ireki duten apustu etxearekin ez daudela "konforme" adierazi dute eragileek. Horregatik, elkarretaratzean izango dira protestarekin bat egin duten taldeak.