Oihan Otaegi: "Denboraldi batez bizitzeko hiri oso ederra da Shanghai"

Uztarria.eus 2018ko abe. 3a, 16:26
Otaegi, Txinako Yubeng herrian.

Lana tarteko, otsailetik Txinan bizi da azpeitiarra. Dagoeneko ohitu da hango bizimodura eta errutinara. Julene Frantzesenak elkarrizketa hau egin zion 2018ko azaroko Uztarria aldizkariko Hantxe bertan atalerako.

Noiz eta nolatan joan zinen Txinara?

Goi mailako Ingeniaritza ikasketen proiektua Danobat enpresan egin nuen, eta ordutik, bertan ari naiz lanean. Shanghain lantegi berria zabaldu behar zutela eta, hura martxan jartzera etortzeko aukera eman zidaten. Bi aldiz pentsatu gabe eman nuen baiezkoa; otsailaren 1etik nago hemen.

Zer moduz egokitu zara horra?

Oso ondo. Danobaten lan egiten duen Usurbilgo mutil bat ere hemen dago, eta hark asko lagundu dit hirian integratzen. Euskaldunez osatutako kuadrilla daukagu, Euskal Etxeko futbol taldean aritzen gara, triatloietan parte hartzen dugu... Nire anaia ere Txinan bizi da duela sei bat urtetatik, eta haren bidez ezagutzen nuen herrialdea lehenagotik.

Eta zer moduz hizkuntzarekin?

Txinera saioak izaten ditut astean hiru orduz. Hizkuntza apur bat jakiteak asko laguntzen du, eta jendeak asko eskertzen du ahalegina; guk ere eskertzen dugu Euskal Herrian.

Zerekin egin duzu topo Txinan?

Hemengo lan egiteko modua oso desberdina da: asko kostatzen da gauzak lortzea, eta pazientzia behar da. Lankide txinatarrekin harreman ona daukat, baina ez dira kalera asko ateratzekoak. Gainerakoan, Shangai aukeraz betetako hiria da. Denboraldi batez bizitzeko hiri oso ederra da.

Zer gustatu zaizu gehien? Eta gutxien?

Oso herrialde segurua da, eta horrek lasaitasuna ematen du. Gainera, herrialde ugari bisitatzeko aukera ere izan dut, hala nola Filipinak, Hego Korea edo Japonia. Gutxien gustatzen zaidana da etxetik oso urrun dagoela.

Bizimodu aldaketa nabaritu al duzu?

Urrun eta gertu kontzeptuen pertzepzioa ikaragarri aldatu zait. Azpeitian, 30 minutu baino urrunagoko toki batera joateko bi aldiz pentsatzen nuen; hemen, edozein asteburutan trena edo hegazkina hartzen dugu bazterrak bisitatzeko. Hiri barruan norabait joateko ordubete pasatzea normala da niretzat orain.

Azpeititik zer sumatzen duzu faltan?

Neskalaguna, batez ere, baina baita familia, lagunekin poteatzea eta balkoitik Izarraitz ikustea ere.