Laboaren mapetan murgilduta

Uztarria.eus 2018ko aza. 29a, 11:38

Non dago Mikel Laboa? izenpean, Josune Albisuk hitzaldia eskaini zuen atzo, asteazkena, Betharramen. Gitarra lagun zuela, antropologian doktoreak Laboaren kartografietan barrena eraman zituen han elkartu ziren ikusleak, eta aurretik, Laboa gertutik erakusketa bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten bertan. Izan ere, Mikel Laboa Katedraren eskariz Itziar Zubizarretak egindako erakusketan bisita gidatua eskaini zuten aretoan.

Kultur Mahaiak eta Kulturaz kooperatibak antolatu duten Laboraldia egitasmoaren barruan eskaini zituzten atzo hitzaldia eta bisita gidatua, eta datozen egunetan ere izango da ekitaldirik ziklo horren barruan. Hain zuzen ere, beste bi saio prestatu dituzte biharko: arratsaldean, Zumetaren estudiora bisita egingo dute, Azpeititik 15:30ean irtenda. Gaur izango da txangora joateko izena emateko azken eguna, eta horretarako azpeitikokulturmahaia@gmail.com helbidera mezua idatzi edo 635-73 87 60 telefono zenbakira deitu beharko da. Horrez gain, afalostean, Ibon RGren Laboaren belarria solasaldia eta entzunaldia izango da Gaztetxean, 21:30etik aurrera.Zapatuan, Laboa hamaika ahotsetara kontzertuarekin bukatuko da Laboaldia. Herriko musikari eta abeslariek eskainiko duten emanaldia, 22:30ean hasita, Sanagustin kulturgunean. Sarrera bost euro ordaindu beharko da (Kultur Bonoa erabili ahal izango da). Egun horretan itxiko dute Betharrame eraikineko erakusketa ere.