Arrauna pasio

Uztarria.eus 2018ko aza. 28a, 16:35
Maren Caballero, Amane Jimenez eta Leire Ibar, Zumaiako klubeko arraunlariak. (Ane Olaizola)

Azpeitian, historikoki, ez da arraunerako tradiziorik, baina asko dira azken urteetan kirol horretan aritu diren herritarrak: lehorreko arraunlariak dira. Ane Olaizola kazetariak erreportaje hau egin zuen horietako batzuekin 2018ko azaroko Uztarria aldizkarirako.

Badira herriak zenbait kirolekin tradizioz lotura izan dutenak, eta horietako asko ezagun dira, esterako, pilotan edo saskibaloian oihartzun handia bereganatu dutelako. Azpeitiak eta arraunak ez daukate elkarren arteko lotura historikorik, baina itsasoak eta jarduera horrek duten xarmak erakarrita, azken urteetan ohikoa bilakatu da traineruak lehorreko arraunlariekin osatzea.

Horietako bat da Joxe Felix Zubizarreta. Kirolari sutsua da 45 urteko azpeitiarra, eta bizitzaren erdia arraunean eman du. Lagun batek animatuta, 23 urte zituela hasi zen Zumaiako taldean; "beherala" katigatu zen arraunean. "Probatu nuenean, ikaragarrizko beharra sentitu nuen horretan jarraitzeko. Hasieratik gustatu zitzaidan arrauna", esan du. Dena den, hasierako urteak "gogorrak" izan zirela gogoratzen du: "Kirol ezezaguna zen niretzat, eta teknikarik ez nuen. Pertsona askok koordinatu behar dute, eta ni inoiz ez nintzen aritu horrenbeste lagunekin batera kirola egiten". Lehenengo urteak Zumaiako klubean igaro ondoren, Oriokora egin zuen salto azpeitiarrak, eta klub horietan lortu zituen, besteak beste, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelak. Ondo gogoan du, gainera, 2001ean Kontxako Banderarako txartela lortu zuten unea: "Zumaiako taldean nengoen orduan, eta Kontxako Banderara sailkatu ginela esan zidatenean, izugarrizko poza sentitu nuen. Zumaia han lehiatu gabe zegoen urte askoan, eta zumaiarrek asko eman zuten Kontxako Bandera hartan. Zumaia azkenekoz Kontxan lehiatu zenean, lehorreko arraunlari asko zeuden taldean, eta zentzu horretan, berezia izan zen niretzat ere".

"Bihozkadek" eraginda hartu ohi ditu erabakiak Zubizarretak, eta horrelaxe utzi zuen arrauna 30 urte zituenean. Aizkoran murgildu zen orduan, eta hamabi urteko etapa amaituta, duela bi urte, arraunera itzuli zen berriz azpeitiarra; orduan ere, barruko harrak bultzatuta. "Kirol batek ez badit ezer ematen, utzi egiten dut". Azpeitiarrak estimu berezia dio Zumaiako klubari, han hasi baitzuen arraun ibilbidea. Beraz, joan den denboraldia Getarian egin ondoren, datorrena Zumaiakoarekin egingo du, beteranoen mailan: "Beteranoetan ez dago presiorik. Arrauna gustuko dugunok eta lehen ibilitakook osatzen dugu taldea, eta gozatzera joaten gara. Orain, nahiago dut modu horretan ibiltzea".

Lotura handiko kirola

Arraunlari beteranoaren bestaldean daude Amane Jimenez, Leire Ibar eta Maren Caballero azpeitiarrak. Duela bi urte, "zerbait berria probatze aldera" hasi ziren Zumaian arraunean, hango kluba baitzuten gertukoena, eta gazte horiei ere hasieratik gustatu zitzaien arrauna. Joan den denboraldia kadeteen mailan egin zuten Ibarrek eta Caballerok, eta Jimenez infantiletan lehiatu zen; aurten, berriz, hiru gazteek kadeteetan hasiko dute denboraldia.

Dagoeneko hasi dira urtarrilean ekingo dioten sasoi berria prestatzen, eta oraingoz, astean hiru egunetan egiten dituzte entrenamenduak. "Bi egunetan uretara ateratzen gara, eta hirugarrenean gimnasioan egiten dugu saioa", esan du Jimenezek. Haren arabera, "konpromiso askoko" kirola da arrauna, derrigorrezkoa izaten baitute entrenamenduetara joatea. Hain zuzen ere, arrauna ikasketekin uztartzea da zailena egiten zaiena, batez ere azterketa garaian daudenean: "Ahal dugun lekutik ateratzen dugu denbora. Izan ere, autobusez joaten gara Zumaiara, eta arratsalde osoa hartzen digu entremamenduetarako joan-etorriak. Askotan, autobusean hartzen dugu ikasteko tartea", esan du Caballerok.

Lehengo eta oraingo begiekin

Arraun jardunari dagokionez, antzekotasun nahiz desberdintasun ugari dauzkate Zubizarreta beteranoak eta hiru arraunlari gazteek: urteak maila nagusian lehiatzen aritu ondoren, beteranoetara egin du berriz jauzi Zubizarretak, eta "osasunak lagundu arte" maila horretan lehiatuko da; Ibarrek eta Caballerok, berriz, traineruetan egingo dute debuta hurrengo denboraldian –Jimenezek kadeteetan jarraituko du–. Hala dio Ibarrek: "Horrek urduritasun pixka bat sortzen digu, hurrengo urtetik aurrera presio gehiago izango dugulako". Esperientzia hartzen ari dira gazteak, baina Zubizarretak arrauna nola aldatu den ikusi du azken urteetan. Ildo horretan, adierazi du, lehene bezala, egun fitxaketen bidez funtzionatzen dutela klub askok. "Duela urte batzuk arte, herriko eta inguruko arraunlariekin osatzen zuten taldea, baina orain kanpoko arraunlariak ekartzen dituzte. Batez ere klub handiek egiten dute hori, diru gehien horiek dutelako. Beraz, talde handiak beti egongo dira maila gorenean; besteak, berriz, horien atzetik ibiliko dira beti".

Gazteek, berriz, emakumezkoen arraunari egin diote so, eta adierazi dute, azken urteetan parekidetasunera bidean pauso batzuk eman badituzte ere, oraindik badagoela zer egin. "Askotan, emakumezkoak distantzia txikiagoetan lehiatzen dira, eta hori aldatu beharra dago. Traineru eta entrenatzaile onenak ere gizonezkoek edukitzen dituzte, hau da, indar gehiago jartzen da haiengan; haiek dute lehentasuna".

Lauak dira lehorreko arraunlariak, eta ingurukoak "harritu" izan dira duten zaletasunarekin. Hala ere, azpeitiarren jarduna dirudiena baino ohikoagoa dela azpimarratu dute. "Zumaiako taldean, esaterako, zumaiarrak gutxiengoa dira”, dio Ibarrek.

"Gogorra bezain lotua" da arrauna, baina taldean aritzeak bidea asko errazten duela uste dute. "Niri poza eta lagun asko eman dizkit arraunak", adierazi du Zubizarretak. Izan ere, arraunean aurrera jarraitzeko taldean giro ona eta ilusioa izatea ezinbesteakoa dela uste dute, sufrimenduak sufrimendu, "ederra" delako: "Kirola taldean eta itsasoan egite hutsak asko asebetetzen du".

Patroi onena

Arraunari estu lotuta bizi da Ander Etxegoien Azpeitiko bizilaguna, eta jauzi handia egin zuen pasa den denboraldian. Izan ere, San Pedro traineruarekin debuta egitearekin batera,
Eusko Tren Ligako patroi onenaren saria jaso zuen joan den irailean. Egun San Pedrorekin lehiatzen bada ere, 2010az geroztik, Getariako –bere jaioterria– kluba izan du harrobi.