Xabier Lasa, lehen gipuzkoarra Donostiako maratoian

Uztarria.eus 2018ko aza. 25a, 15:22
Lasa eta Manzisidor, maratoia amaitu ostean.

Azpeitiarrak 2:29:57 denbora behar izan du 42 kilometroko ibilbidea osatzeko. Gaurko lasterketan Gipuzkoako Maratoi Txapelketa ere jokatu dute, baina Lasak ez du jantzi lehen gipuzkoarraren txapela, ez baitago federatuta. Xabat Manzisidor ere ondo aritu da; hark bi ordu eta 32 minutu behar izan ditu maratoia bukatzeko.

Donostiako maratoia jokatu dute gaur goizean, eta Xabier Lasa izan da helmugara iritsi den lehen gipuzkoarra. Gaurko lasterketan Gipuzkoako Maratoi Txapelketa ere jokatu dute, baina Lasak ez du jantzi proba horretan lehen gipuzkoarraren txapela, ez baitago federatuta. Azpeitiarrak 2:29:57 denbora behar izan du 42 kilometroko ibilbidea bukatzeko.

Ez da urruti ibili Xabat Manzisidor ere. Ibilbidearen zatirik handiena elkarrekin egin dute bi azpeitiarrek, baina amaieran Lasak erritmoa azkartu du. Dena den, Manzisidorrek ere denbora ona egin du: hark bi ordu eta 32 minutu behar izan ditu ibilbidea amaitzeko. Manzisidor federatuta dago, baina ez zuen txapelketan izenik eman, eta beraz, ez dute sailkapenean haren denbora kontuan hartu.