Indarkeria matxista, datutan

Uztarria.eus 2018ko aza. 25a, 14:16

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaur, azaroak 25. Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan hainbat indarkeria matxista kasu artatzen dituzte urtero urtero. Azken bi urteotan hamazortzi herritarrek jo dute Gizarte Zerbitzuetara indarkeria matxista jasan dutelako. Udalaren sail horretan askotariko baliabideak eskaintzen dizkiete biktimei.

Gaur, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Arratsalderako ekitaldi bat antolatu du (18:00etan, plazan) Basanderiek asanblada feministak, eta ekitaldi horretan parte hartzeko deia egin du Udalak, adierazpen instituzionala onartzearekin batera. Egutegian data seinalatua da gaurkoa, baina Azpeitian urte osoan zehar izaten dira martxan indarkeria matxistaren aurkako egitasmoak: besteak beste, Aldundiak badu programa bat, zeinarekin hizkuntzaren bidez emakumeak ahalduntzea duen xedea; ikastetxeetan, berriz, autoantolaketa taldeak martxan dira; eta Hezkidetza Foroak ere lanketa berezia egiten du, tratu onetan oinarrituta.

Instituzioek ere egiten dute indarkeria matxistaren arazoari irtenbideak emateko ahalegina, eta horren erakusle dira 2012an Azpeitiko hainbat eragilek martxan jarri zuten emakumeen kontrako indarkeria kasuei aurre egiteko protokoloa eta Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuak. Azken horretan indarkeria jasan duten hainbat emakume artatzen dute urtero-urtero, eta datuak kezkagarriak dira; izan ere, azken bi urteotan hamazortzi lagunek jo dute Gizarte Zerbitzuetara, indarkeria ekonomikoa, psikologikoa, fisikoa edo sexuala jasan dutelako.

Edurne Zubia da Azpeitiko Gizarte Zerbitzuetako burua, eta hark azaldu duenez, hainbat baliabide eskaintzen dute bertan. "Adibidez, Udalak baditu egoera larrian diren herritarrei laguntzeko etxebizitza batzuk, eta Aldundiak ere badu etxebizitza bat Gipuzkoako herri batean –ez du zehaztu herria–". Laguntza psikologikoa ere eskaintzen dutela adierazi du: "Aldundiak eskaintzen du psikologoen zerbitzua, baina umeak tartean direnean beste lanketa bat egin behar izaten da. Eta Azpeitiko Udalak badu horretarako programa jakin bat: esku-hartze psikosoziala. Umeek gauza asko bizitzen eta ikusten dituzte, eta horiei ere lagundu egin behar zaie". Bestalde, laguntza juridikoa ere eskaintzen diete indarkeriaren biktima diren herritarrei: "Laguntza psikologikoaren gisan, laguntza juridikoa ere Azpeitian eskaintzen da, Aldundiaren bidez. Doan egin daitezke kontsultak, eta prozesuan ere doan laguntzen zaie diru-sarrera arazoak dituztenei".

Indarkeria matxista jasaten duten eta Gizarte Zerbitzuetara jotzen duten emakumeez zehaztapen bat egin du Zubiak: "Salaketa jarri ostean etortzen dira laguntza eske, edo beste zerbaitegatik etorritakoan indarkeria egoerak atzematen ditugu". Zubiaren arabera, kasu "zailenak" bertan atzematen dituztenak dira: "Halakoetan, batzuek onartzen dute laguntza, eta beste batzuek, ez. Baina onartzen ez duena bi urteren buruan Gizarte Zerbitzuetara itzultzen da beti, arazo askoz ere larriagoekin. Badakigu gai oso delikatua dela, eta ahalik eta ondoen kudeatzen saiatzen gara". 

"Zailena eta delikatuena" pertsona kontzientziatzea dela adierazi du Gizarte Zerbitzuetako arduradunak; izan ere, halako kasuetan ez dute protokolo edo egiteko modu jakinik: "Harremanetan oinarritzen da laguntza kasu horietan". Halako kasuak izaten dituztela azaldu du Zubiak, emakumea "askotan" ez baita ohartzen bizitzen ari den egoerarekin. "Zailena horixe izaten da, pertsona bat bizitzen ari denaz ohartaraztea eta egoera horretatik atera behar duela jakinaraztea. Adibide bat jarriko dizut: Gizarte Zerbitzuetara etorri zen emakume bat beste kontu bategatik, eta egoera haren atzean tratu txarrak zeudela jabetu ginen; bera ez zen kontziente". Zubiak azaldu duenez, ondoren hasten da lanketa: "Behin jabetzen denean hasten gara gaia lantzen, baliabideak eskaintzen, baina pertsonaren borondatea errespetatu behar izaten dugu, eta gauzak ez dira beti errazak izaten".

Indarkeria matxista jasaten duten emakumeekiko aurreiritziak eta etiketak aipatu ditu Zubiak: "Pentsatzen dugu emakumeak izan behar duela adinekoa, ez dakit nolakoa, atzerritarra... Baina, ez, hori ez da horrela. Edozein izan daiteke, eta izan daiteke egoera horiek salatzen dituen pertsona bat; kontua da norberak bizitzen duenean ez garela egoera horretan gaudela jabetzen".

Hainbat datu

Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan hainbat indarkeria matxista kasu artatzen dituzte urtero urtero. Azken bi urteotako datuak eman dizkio erakundeak Uztarria.eus-i, eta horietako batzuk dira honako hauek:

2017ko datuak

  • Iaz indarkeria matxista jasan zuten bederatzi lagunek jo zuten Gizarte Zerbitzuetara, hala nola indarkeria ekonomikoa, fisikoa, psikologikoa eta sexuala pairatu zituzten horiek.
  • Artatutako lagunen bataz besteko adina 36 urtekoa izan zen. Horietatik bi adin txikikoak ziren, eta bi 60 urtetik gorakoak. Gainerakoek 23 eta 45 urte bitartean zituzten.
  • Jatorriari dagokionez, bost euskaldunak ziren; bi ekuadorrekoak; eta beste bi espainiarrak.
  • Bederatzi lagun horietatik hiruk jarri zuten salaketa.

2018ko datuak

  • Aurtengo azarora bitartean bederatzi lagun artatu dituzte Gizarte Zerbitzuen Sailean. Horiek indarkeria matxista jasan dute, hala nola fisikoa eta psikologikoa.
  • Artatutako lagunen bataz besteko adina 45 urtekoa da. 26 eta 48 urte artean dituzte artatutako lagunetatik seik; beste hirurek 60 eta 68 urte bitartean dituzte.
  • Jatorriari dagokionez, sei euskaldunak dira; bat argentinarra; beste bat ekuadorrekoa; eta bestea marokoarra.
  • Bederatzi lagunetatik bik jarri dute salaketa.