Euskaraldia

Probatu euskaraz

Uztarria.eus 2018ko aza. 21a, 13:08
Ezkerretik eskubira, Eneritz Albizu, Jon Bikendi eta Aintzane Garmendia, Azpeitiko Euskaraldiaren batzordeko kideak.

2018ko azaroko Uztarria aldizkaria osorik irakurri daiteke dagoeneko webgune honetan (PDF formatuan, hemen). Uztarriaren 210. zenbakia den horretan, Euskaraldiari eskainitako hau izan da erreportaje nagusia; Mailo Oiarzabal eta Maialen Etxaniz kazetariek egin dute.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, milaka euskaldunek parte hartuko dute lehen Euskaraldian. Euskararen erabilera areagotzeko ariketa soziala izango da, aurrez Lasarte-Orian, Agurainen edo Donostiako Egia auzoan gauzatu zituzten egitasmoak oinarri hartuta, Euskal Herri osora zabalduko dena. Erakundeek eta euskalgintzako eragileek bat egin dute Euskaraldia sustatzeko, eta herriz herri ari dira antolatzen herritarrei, norbanakoei, zuzendutako erronka: 11 egun horietan, ahobizi edo belarriprest rola hartuta, euskararen erabilera modu aktiboan areagotzeko konpromisoa da eskatzen dena, ahal den guztiekin eta ahal den guztietan euskaraz egitea, edota euskaraz hitz egiten duenari horretarako bidea ematea. Ahobizi izateko izena ematen dutenek, euskaraz egingo diete euskara ulertzeko gai diren solaskide guztiei; ezezagunei, berriz, lehen hitzak euskaraz, eta ulertzen badute, hurrengoak ere bai. Belarriprestek, berriz, euskaraz hitz egiteko eskatuko diete euskal hiztun guztiei. 11 egun horietan soinean eramateko txapak banatuko dituzte, parte-hartzaileek beren burua ahobizi edo belarriprest gisara identifikatzeko.

Azpeitian Euskaraldia sustatzeko batzordean ari diren lagunekin eta dagoeneko Euskaraldian parte hartzeko izena eman duten zenbait herritarrekin hitz egin du Uztarriak, Euskaraldiaren eta Euskaraldia Azpeitian ere egiteko arrazoiak eta oinarriak azaltzeko asmoarekin. Edizio hau ixterako, 60.000 lagunek baino gehiagok zuten Euskaraldian parte hartzeko izena emanda, horietatik 600dik gora Azpeitian [dagoeneko 2.000 lagunen langaren bueltan dago Azpeitiko kopurua].

Ohiturak aldatzea

Egitasmoa martxan jarri bezpera arte eman daiteke izena, baina "lehenbailehen" egiteko gonbitea egin dute Azpeitiko batzordekideek, antolakuntzaren eraginkortasuna errazteko. Eneritz Albizu (Azpeitia, 1992), Jon Bikendi (Azpeitia, 1980) eta Aintzane Garmendia (Azpeitia, 1993) Azpeitiko Euskaraldiaren batzordekideak dira. "Milioi bat euskaldun ba omen gara Euskal Herrian, euskaraz dakigunak, alegia, eta erabilera ez da kopuru horretara gerturatu ere egiten. Orain arte, batik bat euskaldunak sortzera bideratu da lana: D eredua, ikastolak, euskalduntzea eta alfabetatzea... Horretan jarri da arreta, eta konturatu gara euskaldunak sortu, sortu ditugula, baina euskaldun horietako askok beren bizitzako hizkuntza ez dutela euskara, baizik eta gaztelania edo frantsesa", laburbildu du Albizuk Euskaraldia egitera bultzatu duen kezka nagusia. "Zeozerrek huts egiten du, zeozer ez doa ondo. Horregatik dator Euskaraldia orain, erabilera goratze aldera. Euskaldunak sortzen orain arte egin dugun lan hori ez da bukatzen, baina euskaldun kopuru on bat behintzat badago; beraz, orain nahi dena da erabilera igotzea", gaineratu du Bikendik.

Ohiturak aldatzea, euskaldun 'berriak' identifikatzea, konplexuak uxatzea edota euskararen erabilerari zilegitasuna ematea dira, batzordekideen esanetan, Euskaraldiarekin etor daitezkeenak, etortzea nahi luketeenak. "Bi hiztunek euskaraz badakite eta hitz egiteko gai badira, zertarako hitz egin gaztelaniaz? Ohitura aldaketa hori 11 egunetan mantentzen bada, suposatzen da urte guztian zehar jarduteko ere eragin dezakeela, aukera gehiago izango direla", dio Garmendiak. Horrez gain, "ateak irekitzeko bidea" da Euskaraldia Bikendirentzat: "Agian, konturatuko zara euskaraz ez zekiela uste zenuen horrek badakiela euskaraz, eta euskaraz egiteko gai dela. Euskaldunak identifikatzeko balio dezakeen ariketa ere bada". "Ulertzen duten denen artean euskaraz egitea" da gakoa Albizurentzat, "parean dudanak erdaraz egiten badit ere, nik euskaraz ulertzen didala baldin badakit, hor euskara erabiltzea, eta norberak erabakitzea zein hizkuntzatan hitz egin nahi duen, zilegitasun osoa emanda euskarari".

Azpeitian ere bai

Azpeitia herri oso euskalduna izanda, zenbaitek pentsa dezake Euskaraldiaren moduko egitasmo batek ez duela aparteko eraginik izango; baina batzordekideek argi daukate baietz, baita azpeitiarren parte-hartzea garrantzitsua dela ere.

"Herrian bertan, konfiantza eta ezagunak dauzkagun esparru horretan, konturatu gabe ibiltzen gara euskaraz etengabe. Baina hemendik kanpora, gure esparru horretatik kanpora...", hasi da Bikendi. Ildo beretik, Albizuk argi dauka "herritik kanpora goazenean gurekin eraman beharko genukeela hizkuntza, guretzat naturala delako, herri euskaldun bateko hiztunak garelako eta asko daukagulako aportatzeko Euskal Herri osoan". Baina herritik kanpora joandakoan ez ezik, Euskaraldiarekin herrian bertan ere ohiturak aldatzeko eta euskaldun gehiago identifikatzeko aukera azpimarratu du: "Uste dut nabarmendu behar dela Azpeitian bertan guk uste ez dugula euskaraz dakiten askori hitz egiten diegula gaztelaniaz. Hemen euskara ikasten ari den edonori galdetu, eta normalean esango dizu berari denek erdaraz egiten diotela. Identifikatuta dauzkagu euskaldunak eta erdaldunak, eta gure ustez erdalduna den horri, erdaraz egiten diogu beti".

Azpeiti ingurutik ateratzean, berriz, oso ohikoa da herrian normalak diren hizkuntza ohiturak aldatzea, "badaezpada"; hiriburuetan, bereziki, saltokietako langileei edo tabernetakoei gaztelaniaz egitea, euskaraz jakingo ote duten pentsatu ere egin gabe. "Eta, berez, ez da ezer kostatzen lehen hitza euskaraz egitea; solaskideak ez badaki euskaraz, jarraitu erdararekin, baina ez gaizki sentitu hasieran euskaraz saiatu izanagatik", dio Albizuk. "Kontzientzia hartzea da, azkenean. Aipatu ditugun jarrerak eta 'badaezpada' horiek soberan daude", Garmendiaren iritziz. "Inportantea da geure buruari aitortzea barkamenik ez dugula eskatu behar gure hizkuntzan hitz egiteagatik. Ohitura hori ere badugu eta: norbaiti euskaraz egin eta hark 'es que no te entiendo' erantzuten badigu, 'ah, perdona' erantzuten diogu sarri, erdaraz jarraitu aurretik", borobildu du Albizuk.

Ahobizi ala belarriprest, "ganoraz"

Espero zitekeen moduan, askoz gehiago dira Azpeitian ahobizi rolerako izena eman dutenak, belarriprest izateko baino. Batzordekideek, ordea, garbi azaldu dute ahobizi/belarriprest banaketa ez dagoela zertan lotu hizkuntza gaitasunarekin, jarrerarekin eta konpromisoarekin baizik.

"Garrantzitsuena da aukeratu den rol hori ganoraz betetzea. Ez du balio, ondo geratzeko edo, ahobizi bezala ematea izena eta gero erdizka egitea; ahobizi erdizka egitea baino, hobe duzu belarriprest izateko izena ematea", laburbildu du Bikendik.

Ahobizien eta belarripresten gogoetak

Miren Illarramendi: "Ikusten dut umeen artean hasia dagoela erdararako joera bat"

- Urteak: 41.

- Euskaraldian: Ahobizi.

- Lanbidea: Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea.

"Kezkak eranginda erabaki nuen Euskaraldian parte hartzea. Urola bailaran ez dugu ikusten arazo handirik daukagunik euskararen erabilerari dagokionez, baina nik lan egiten dudan lekuan eta inguruan egoera erabat ezberdina da. Nahiz eta euskaraz jakin eta hitz egiteko nahikoa gaitasun eduki, ikusten dut hainbat jendek ez daukala euskaraz egiteko joerarik; gerora jakin nuen lanean hasi nintzenetik beti gaztelaniaz hitz egin izan didaten batzuek EGA ere badaukatela.

Horregatik iruditu zitzaidan oso interesgarria Euskaraldia, joera horiek apurtzen hasteko edo, behinik behin, mahai gainean jartzeko eta kontzientzia hartzeko modu bat zelako. Erabaki nuen egitasmoak irauten duen egunetan, eta ahal badut aurrerantzean ere bai, erdaraz aritzeko joera duten lankideekin euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea.

Bestetik, ikusten dut hemen ere umeen artean hasia dagoela erdararako joera bat, nik Arrasaten, Bilbon edo Gasteizen ikusten ditudan errealitateetara eraman gaitzakeena, eta uste dut horren aurrean eragiteko momentu egokia izan daitekeela hau.

Jendea animatuko nuke Euskaraldira, joera horien aurrean modu aktiboan jokatzera".

 

Montse Carmona: "Euskaraz egin arren, batzuetan gaztelaniaz erantzuten didate"

- Urteak: 50.

- Euskaraldian: Belarriprest.

- Lanbidea: Ehorzketa zerbitzuetako langilea.

"Euskaltegiko ikasturtea hasi zenean animatu gintuzten Euskaraldian izena ematera, eta parte hartzeko prest agertu nintzen.  Gainera, Azpeitiko hamaikakoaren parte naiz.

Azpeitian bizitzeko euskara jakitea ezinbestekoa dela iritzita hasi nintzen euskara ikasten. Nire lanerako ez dut titulu jakin bat behar. Bai, ordea, komunikatzeko gaitasuna izatea. Behar dudana da harremanak egitea, bezeroekin hitz egitea eta jendeari ulertzea. Beharrak bultzatuta hasi nintzen euskara ikasten. Azpeitian bizita, dudarik gabe behar dut euskara. Lanerako edo harremanak izateko ez ezik, seme-alabei etxeko lanak egiten laguntzeko, adibidez.

Egunerokoan, euskaltegian, mintzapraktiketan, bulegoan, tabernan, dendetan... beti euskaraz egiten dut. Baina batzuetan gaztelaniaz erantzuten didate. Badirudi euskaldun berriok badaramagula halako txartel bat kopetan, erdaldunak garela dioena.

Beraz, Euskaraldiaren egunetan, belarriprest txapa jantzi eta kalera irtengo naiz, eta jendeari entzun ez ezik, euskaraz hitz egitera animatuko naiz. Konpromisoa hartu dut, eta gustura egingo dut".

 

Ibon Guridi: "Euskal hiztunak diren bilbotarren jarrerak onerako harritu nau"

- Urteak: 26.

- Euskaraldian: Ahobizi.

- Lanbidea: Banketxeko kudeatzaile komertziala.

"Bilbon egiten dut lan, baina bulegoko zuzendaria Errenteriakoa da jaiotzez, garrantzia handia ematen dio bertako kulturari, eta hark animatu ninduen Euskaraldian parte hartzera. Hasieran, ez nuen arreta berezirik jarri, pintxo poteo batean lagun batek egitasmoaren berri eman zidan arte. Orduan kontutatu nintzen zinez interesgarria dela proiektua.

Lanean hasi nintzen egunean, bezeroei aurreneko hitza euskaraz egiteko agindu zidaten. Pozgarria izan zen, nahiz eta nik bestela ere horrela egingo nien. Egia esan, euskararen erabilerari erreparatuta, jauzi handia dago Azpeitia eta Bilbo artean. Dena den, euskal hiztunak diren bilbotarren jarrerak onerako harritu nau, oso leialak dira hizkuntzarekin. Hau da, joaten diren lekura joanda, aurreneko hitza euskaraz egingo dute, beti. Guk, aldiz, kanpora joaten garenean sarritan hizkuntza aldatzen dugu, eta gaztelaniaz egiten dugu aurreneko hitza, tabernetan edo dendetan, adibidez. Hori akats handia da.

Euskaraldian fin beteko dut dagokidan rola, batez ere Bilboko bulegoan. Uste dut egun politak izango direla. Ederra litzateke bezeroak belarripresten txapa soinean dutela banketxera etortzea".

 

Kiara Angulo: "Euskaraldiak emaitzak emango ditu ariketa serio hartzen badugu"

- Urteak: 17.

- Euskaraldian: Ahobizi.

- Ikasketak: DBHO 2ko ikaslea.

"Udan izan nuen egitasmoaren berri aurrenekoz. Beste herri bateko lagun batek galdetu zidan ea banekien Azpeitian Euskaraldia egiteko asmorik zegoen. Orduan ez nekien zer zen. Baina duela bi aste inguru, Uemako kideak eskolara etorri ziren hitzaldi pare bat ematera, azaldu ziguten zer den Euskaraldia eta egitasmoan parte hartzera animatu gintuzten, eta askok eman genuen izena. Horrez gain, urtebete gazteagoak diren ikasleen ikasgeletatik igaro ginen haiei Euskaraldiaren berri emateko. Azkenean, ikasleei ez ezik, irakasleei eman genizkien egitasmoaren inguruko azalpenak. Asko eskertu zuten Euskaraldiaren berri izatea.

Euskaraz bizi garenez, orain arte sekula ez dut parte hartu euskalgintzako ekimenetan. Inoiz ez diot nire buruari galdetu ea zerbait egin behar dugun euskararen alde. Aita euskaldun berria da, eta gurasoak gaztelaniaz hizketan entzuten nituen arren, etxean beti hitz egin dugu euskaraz.

Euskaraldiak emaitzak emango ditu baldin eta parte-hartzaileok serio hartzen badugu ariketa. Euskaraz ez dakiten herritarrak ikastera animatuko nituzke. Izan ere, Azpeitian, euskaraz ez badakizu zenbait egoeratan lekuz kanpo senti zaitezke".

 

Arantxa Osa: "Hasieratik euskaraz egiteko aukera ematea nahiko nuke"

- Urteak: 51.

- Euskaraldian: Belarriprest.

- Lanbidea: Arroabeko eskolako irakaslea.

"Kalean eta komunikabideen bidez izan nuen Euskaraldiaren berri. Eskolan ere zerbait egiteko aukera ikusi genuen. Zestoako Euskara teknikariari eskatu genion etortzeko, hark eman zizkigun azalpen guztiak eta parte hartzeko fitxak ere orduantxe bete genituen.

Belarriprest izateko eman dut izena, nahi dudalako jendea niri euskaraz zuzentzea. Konturatu naiz askotan egiten didatela lehen hitza erdaraz, nahiz eta erdaraz hitz egiten ari zaidan pertsona horrek euskaraz jakin; elkarrizketaren bukaeran konturatzen naiz, sarritan, nire solaskideak euskaraz bazekiela. Belarripresten txapa ipinita, hasieratik euskaraz egiteko aukera ematea nahiko nuke, euskaraz entzutea nahi dudala eta nirekin euskaraz lasai hitz egin dezaketela adieraztea; prest nagoela entzuteko, eta nire kasuan, euskaraz erantzuteko arazorik ere ez dudala.

Euskara bultzatzeko egiten den guztia dago ondo edo areago, bikain. Euskaraldiaren 11 egun horietan, iruditzen zait txapak adierazgarri moduan soinean eramateak eman dezakeela bidea jende gehiagok euskaraz hitz egiteko, txaparen bidez identifikatu egingo baitituzu euskaraz egiteko prest dauden pertsonak. Egitasmo interesgarria da".

 

Ander Ugarte: "Inportantea da euskararekiko konpromisoa hartzea"

- Urteak: 37.

- Euskaraldian: Ahobizi.

- Lanbidea: Gida turistikoa.

"Euskaraldiaren berri ematen hasi zirenean entzun nuen zerbait egin asmo zutenaz, baina egia esan, zehaztasun gehiegi ez nituen ezagutzen. Urrian, herrian izena emateko mahaiak jartzen hasi nintzenenean hurbildu nintzen haietako batera; han azaldu zidaten guztia, eta izena ematea erabaki nuen.

Abenduaren 3ko Euskararen Egunaren bueltan urtero antolatzen dituzte ekitaldiak, baina Euskaraldiarena bereziki positiboa eta interesgarria iruditzen zait. Nahiz eta Azpeitian munduko herri euskaldunenean bizi garen, inportantea da euskararekiko konpromisoa hartzea; Azpeititik kanpo ere euskararen erabilerari bultzada bat ematea, lehendabiziko hitza euskaraz eginez, adibidez. Izan ere, aurrean dugunak euskaraz ba ote dakien ez dakigunean, askotan jotzen dugu erdarara hasieratik. Euskaraldian parte hartzerakoan hartzen duzun konpromisoarekin, zeure burua behartu egiten duzu, nolabait, jarrera eta joera horiek aldatzera; eta 11 egun horietan egindako ahalegina urte osoan mantentzera ere eramango zaitu, igoal.

Bestalde, Azpeitian bertan euskaraz egiteko gai direla uste ez genuenak ezagutu ditzakegu".

 

Masboot Mohammad: "Uste dut Euskaraldiak harremanak egiten lagundu diezakedala"

- Urteak: 17.

- Euskaraldian: Belarriprest.

- Ikasketak: Euskara ikaslea.

"Mintzapraktikako kideei esker jaso nuen egitasmoaren berri, eta izena ematera animatu ninduten. Urtebete daramat Azpeitian bizitzen. Aitarekin eta anaiarekin etorri nintzen hona, Pakistandik. Iritsi nintzenean, gure herrialdean, Kaxmirren, hitz egiten diren hizkuntzak nekizkien, urdua eta patharia, eta ingelesa ere bai. Ez, ordea, gaztelania eta euskara. Horregatik, euskara ikasten hasi nintzen berehala.

Ez naiz eskolara joaten, baina euskara ikaslea naiz euskaltegian. Sanjuandegin eskaintzen dituzten mintzapraktika saioetara ere joaten naiz astean behin. Han, adin ezberdineko beste bost lagunekin aritzen naiz euskaraz solasean. Denetariko gaiak izaten ditugu hizpide, eta gustura joaten naiz saioetara.

Uste dut Euskaraldiak harremanak egiten lagundu diezakedala. Etxekoekin, euskaltegikoekin edo mintzapraktika saioetan ezagututako lagunekin bakarrik dut harremana gaur egun. Uste dut euskaraz ez jakiteak ere zailtzen duela harremanak egiteko bidea. Horregatik, Azpeitian bizi diren pakistandarrekin elkartzen naiz kriketean ibiltzeko. Hala ere, asko gustatuko litzaidake lagun euskaldunak egitea, eta haiekin kalera irtetea".

 

Ane Gurrutxaga: "Gelakide askok erdaraz egiten dute beraien artean"

- Urteak: 20.

- Euskaraldian: Ahobizi.

- Ikasketak: Enpresaritza ikaslea.

"Donostian ikasten dut. Kuadrillakoei entzunda-eta banuen Euskaraldiaren berri, baina unibertsitatean eman nuen izena. Hango Euskaraldiaren batzordean dabilen irakasle batek azaldu zigun egitasmoa klasean, parte hartzera animatu gintuen, eta handik gutxira eman nuen izena.

Azpeitian ez zait burutik pasatzen lehen hitza euskaraz ez egitea; solaskidea lehendik ezagutzen badut eta euskaraz ez dakiela baldin badakit bakarrik hasiko naiz erdaraz. Donostian, ordea... Euskaraz dakien gero eta jende gehiago aurkitzen duzu, eta ni saiatzen naiz lehen hitza euskaraz egiten; baina ezagutzen ez dudan bat inguruko guztiekin erdaraz ari dela ikusten badut, egia da neuk ere erdaraz egiten diodala.

Ikasketak euskaraz ari naiz egiten, ikaskide eta irakasle guztiekin euskaraz egiten dut, baina gelakide askok erdaraz egiten dute beraien artean; irakasleei erdaraz zuzentzen zaienik ere bada! Azpeiti inguruko ikaskideekin ibiltzen naiz gehiena, geure artean beti egiten dugu euskaraz. Erdaraz aritzen diren gelakideek ere euskaraz egiten dute gurekin, beraien artean ez bezala. Deigarria da egoera guretzat, askotan hitz egin dugu horretaz. Egundoko pena ematen dit".