Santa Zezilia eguna ospatzeko kontzertuak eskainiko dituzte Musika eskolak eta bandak

Uztarria.eus 2018ko aza. 19a, 11:59

Musikarien egunaren harira, jaialdia eskainiko du Juan Antxieta Musika Eskolak asteazkenean; zapatuan, berriz, Udal Musika Bandaren txanda izango da, eta kontzertua eskainiko du Sanagustin kulturgunean.

Santa Zezilia eguna izango da datorren ostegunean, hilaren 22an, eta, urtero legez, musikariek beraien zaindariaren eguna ospatuko dute aste. Azpeitian, Udal Musika Bandak eta Juan Antxieta Musika Eskolak hainbat emanaldi eskainiko dute astean zehar, eta musikaz girotuko dituzte herriko txokoak.

Juan Antxieta Musika Eskolak Santa Zezilia egunaren bezperan, asteazkenean, jaialdia eskainiko du Soreasu antzokian. 19:00etan hasiko da saioa, eta musika eskolako ikasleek askotariko musika tresnekin osatutako ikuskizuna taularatuko dute.

Udal Musika Bandak, berriz, zapatuan eskainiko du kontzertua. Unai Frantsesena Agirreren zuzendaritzapean, honako pieza hauek eskainiko dituzte Sanagustin Kulturgunean: The Voice of the Guns, Maestro Lino, Rapsodia Vasca, La la land, Appalachian Overture, Super Mario Bros eta Sweet Caroline Charleston. 19:00etan hasiko da bandaren kontzertua.