Energia aurrezten ikasteko saioa izango da hilaren 20an

Uztarria.eus 2018ko aza. 13a, 14:48

Gipuzkoa Argitu saio praktikoa antolatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalak elkarlanean. Aurrez izena eman behar da, eta ostirala izango da horretarako azken eguna. Saioan energia aurrezteko eta eraginkorrago izateko baliagarriak diren zenbait gomendio jasoko dituzte bertaratzen diren herritarrek.

Energia eta, horri lotuta, dirua aurrezten ikasteko, Gipuzkoa Argitu izenburudun saio praktikoa antolatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalak elkarlanean datorren astearterako, hilaren 20rako. Hainbat aholku eskainiko dizkiete herritarrei 18:00etan hasita Baigera aretoan egingo duten ordubeteko saioan, eta Energia-aurrezkiari eta eraginkortasunari buruzko aholku praktikoen gida eskuratuko dute bertaratzen direnek. Izan ere, gida horretan jasota daude energia aurrezteko eta eraginkorrago izateko baliagarriak diren zenbait gomendio.

Udalak azaldu duenez, "interesgarria" izango da saioa, "denok" erabiltzen dugulako energia –argindarra, gasa, gasolioa...– egunerokoan. Dena den, hitzaldira bertaratu nahi dutenek ostirala, azaroaren 16a, baino lehen eman beharko dute izena 686 42 75 65 zenbakira deituta edo oihane@izadi21.eus helbidera mezua idatzita. Behin izanda emanda, saioaren antolatzaileak jarriko dira herritarrekin harremanetan, tailerraren gaineko informazio gehigarria emateko.