Baratze sarea, etengabe hazten

Gipuzkoako Hitza 2018ko aza. 12a, 12:04
(Kutxa Ekogunea)

Kutxa Ekoguneak 2013an jarri zuen martxan Baratze Parke Sarearen egitasmoa. Hernani, Lezo, Usurbil, Tolosa eta Alegian jarri zituzten lehen lursailak herritarren esku, eta urtez urte handituz joan da kopurua. Azpeitian 2014an jarri zituzten martxan Baratze Parkeak, Otzakan eta Izarraizpean.

Baratzea komunitatea da, gune berdea, bertakoa, garaian garaikoa; baratzea aisialdia da, euskara, arnasgunea, beste kontsumo eredu bat… Bost urteko ibilbidearen balantzea egin du Itsaso Olaizolak, Gipuzkoako Baratze Parke Sareko arduradunak, eta horiek denak aipatu ditu herriz herri martxan jarritako baratze parkeen helburu eta ezaugarri gisa.

Kutxa Ekoguneak 2013an jarri zuen martxan Baratze Parke Sarearen egitasmoa. Hernani, Lezo, Usurbil, Tolosa eta Alegian jarri zituzten lehen lursailak herritarren esku, eta urtez urte handituz joan da kopurua; Azpeitian 2014an jarri zituzten martxan Baratze Parkeak. "Egun, hogei herritan daude baratze parkeak, eta udal gehiago daude zain, guk azterketa egin eta martxan hasteko", dio Olaizolak. 1.180 lursailek eta 5,4 hektareak osatzen dute Baratze Parke Sarea. Erabiltzaileak alokairu baten truke ustiatu dezake lursaila, eta nekazaritza ekologikoa egitea eta autokontsumorako izatea dira bete beharreko baldintza nagusiak. Gipuzkoan, horiez gain, badaude baratze parkeak dituzten beste zenbait herri, baina herri horiek ez daude sarean eta beste era batera egiten dute kudeaketa.

Olaizolak argi du bost urteotan Baratze Parke Sarea indartu egin dela. "Urriaren 26an balantzea egin genuen udaletako zinegotzi eta teknikariekin. Sarera batu diren azken herriei ongietorria egin eta esperientziak partekatu genituen, asko ikasten baita halakoetan. Denak zeuden pozik esperientziarekin". Jarraitu egiten dute hasi ziren guztiek eta inork ez du adierazi uzteko asmorik. Hori da, Olaizolaren aburuz, egin daitekeen baloraziorik onena.

Kutxa Ekogunearen lurretan dago, Donostian, Gipuzkoako baratze parke handiena –bigarren handiena Azpeitikoa da–. 2014an jarri zuten martxan Donostiakoa, eta 154 lursail ditu, 30 metro koadrokoak gehienak. "Hori da guk aholkatzen dugun tamaina, aproposa iruditzen zaigulako familia baten kontsumorako. Hemen, Ekogunean, 30ekoak dira gehienak, nahiz eta badiren 60 eta 90 metro koadrokoak eta baita lursail egokituak ere; baina udal bakoitzak erabakitzen du tamaina". 50 metro koadroko sailak egin dituzte oraintxe Zumaian, eta badira 40koak ere; handiagoak ere bai, kolektiboek kudeatzen dituztenak. "Gautena eta Atzegi daude, adibidez, hemengo baratze handietan".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.