Festetan murgilduta dabiltza lasaotarrak

Uztarria.eus 2018ko aza. 10a, 19:32

Txupinazoarekin hasi zituzten San Martin jaiak atzo, ostirala, Lasaon, eta festa giroan jarraitzen dute gaur ere. Bertso afaria egin zuten atzo gauean Andoni Egañarekin eta Maddalen Arzallusekin, eta ondoren, Hitzeder eta Txibilter trikitilariak aritu ziren giroa alaitzen. Gaur ere ez dute, ordea, hutsik egin lasaotarrek. Auzoko jubilatuek hamaiketakoaz gozatu ahal izan dute 11:30ean hasita, eta auzo lokalean izan dira mokadua egiten Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta Zestoako alkate Josetxo Mendizabal. Eguerdian txupinazoa bota dute haurrek, eta arratsaldean jarraitu ahal izan dute horiek festarekin. Izan ere, bazkaria egin ostean, puzgarrietan ibili dira, eta ondoren txokolatada egin dute.

Bihar izango da jaietako azken eguna, baina ez da ekintzarik faltako. Hain zuzen ere, meza, txisularien kalejira eta nekazal produktuen eta abereen azoka izango da auzoan. Hona hemen biharko egitaraua:

Azaroak 11, igandea

11:00. Meza Nagusia.
11:00. Zestoako parrokiko abesbatza.
11:30. Zestoako Idiakaitz txistulari taldearen emanaldia.
11:30. Lasaoko erraldoien eta buruhandien kalejira.
11:30. Lasaoko abere eta nekazal produktuen azoka.
11:30. Salda.