Festa giroak hartu du Errebala San Martin bezperan

Uztarria.eus 2018ko aza. 10a, 17:36

Bustinzuriko Errebalean samartinak ospatzen ari dira atzo eta gaur. Mus txapelketarekin ekin zieten aurtengo jaiei atzo, Pikua tabernan. 23 bikotek parte hartu zuten eta Andres eta Mikel Perez aita-semeek jantzi zituzten txapelak, finalean Gorka Holgado eta Gorka Arratibel gaindituta; Joxemai eta Ina Muno sailkatu ziren hirugarren postuan, eta Joseba Esnal eta Iñigo Illarramendi laugarrenean.

Gaur, berriz, zezen txikiak eta poniak izan dituzte Errebalean eguerdian, eta arratsaldean sokamuturra. Ondoren, triki-poteoa egingo dute, eta jarraian afaria, Txokoa jatetxean. San Martin bezpera eta festetako egun nagusia izango dena goizaldera arte luzatuko dute gero Pikua tabernan, DJ Josu Rodriguezekin.