Sanagustinpera eraman dute 'Maita(k)ale Borroka' Anodinokoek

Uztarria.eus 2018ko aza. 9a, 12:45

Atzo, ostegun iluntzearekin, hasi zen XXXVI. Euskal Antzerki Topaketen hirugarren asteburu luzea, Sormen Astearen barruan mikroantzerkiari eskainitako tartearekin. Hasteko, kalera atera zuten antzerkia Anodino taldekoek (argazkietan); Sanagustinpean eman zuten Ane Pikaza eta Aitor Fernandino aktoreek Maita(k)ale Borroka lana, bertatik bertara zituzten ikusleez inguratuta. Sanagustinpetik Sanagustinera igarota, kulturgunean Node taldekoek hartu zuten Anodinokoen lekukoa, Cronopia Xpress lanarekin.

Gaur, bihar eta etzi ere izango da zer ikusia Antzerki Topaketen barruan. Gaur, 21:30ean hasita, Oxido lana taularatuko du Pez Limbok Soreasu antzokian. Bihar, toki eta ordu berean, Dublindarrak obra eskainiko du Ados Teatroak. Igandean, berriz, ordu berean eskaintza bikoitza izango da aukeran: Gorakadak Ulises emango du Soreasun, haur zein helduentzat zuzendutako emanaldian; eta Xokolat aurkeztuko du Paraiso Teatroak Sanagustinen, bereziki 0-3 urte arteko umeei zuzenduta. 17:00etan hasiko dira bi saioak.