Azpeitiko Udalak lau ikastaro eskainiko ditu IMHrekin elkarlanean

Uztarria.eus 2018ko aza. 7a, 10:00

Azpeitian eta Elgoibarren emango dituzte saioak, doan. Izena emateko epea zabalik dago jadanik.

Azpeitiko Udalak lau ikastaro eskainiko ditu datozen hilabeteetan, Elgoibarko IMH ikastetxearekin elkarlanean, eta dagoeneko zabaldu dute izen ematea. Lehenengo bi ikastaroak Azpeitian eskainiko dituzte, eta gainontzekoak Elgoibarren.

Lehena hasiko den ikastaroa Heidenhain 530: Programazioa da: azaroaren 18an hasi eta abenduaren 18an amaituko da; abenduaren 5ean, ordea, ez da saiorik egongo. Guztira 40 orduko ikastaroa izango da; astelehenetik ostegunera, 09:00etan hasi eta 11:30ak arte izango dira saioak. Izen ematea, berriz, azaroaren 15ean bukatuko da.

Planoen interpretazioa I. Bistak eta ebaketak ikastaroa azaroaren 19an hasiko da, eta abenduaren 19an bukatuko da. Aurreko ikastaroaren kasuan bezala, astelehenetik ostegunera izango dira eskolak. 17:00etan hasi eta 20:00ak arte izango dira saioak; azken egunean, ordea, 19:00etan amaituko da. Ikastaroak 50 orduko iraupena izango du; izen emate epea azaroaren 15ean amaituko da.

Hirugarren ikastaroa Robotika ABB 1 da, eta azaroaren 26an hasi eta abenduaren 13an amaituko da. Besteak bezala, astelehenetik ostegunera izango dira saioak, horiek ordea, 19:00etatik 21:00etara egingo dituzte. Izena emateko azken eguna azaroaren 22a izango da.

Azken tailerra Robot ABB 2 izango da, eta otsailaren 4tik 13ra egingo dituzte saioak, astelehenetik ostegunera eta 17:00etatik 21:00etara. Ikastaro horretan izena emateko azken eguna azaroaren 22a izango da.

Izena emateko edo informazioa eskatzeko telefonoz deitu ahalko da 943-74 82 66 zenbakira. Posta elektronikoa erabiliz gero, honako helbide hauetara idatzi beharko da: imhformazioa@imh.eus eta ikastaroak@azpeitia.eus. Horiez gain, imh.eus orrian ere aurki daiteke informazioa. Ikastaroak Elgoibarren izango dira IMHren eraikinean, Azkue auzoa 1 helbidean, eta doan eskainiko dituzte.