Sarean ikusgai daude 'Pasaiako Badia' dokumentalaren bertsio guztiak

Uztarria.eus 2018ko aza. 5a, 17:08
'Pasaiako Badia' frantsesezko azpidatziekin, Youtuben. Gaztelaniaz eta ingelesez azpidatzita ere ikus daiteke dagoeneko.

Euskarazko bertsioa EITBren Nahieran webgunean ikus daiteke; eta Oinatzak Produkzioaken Youtubeko kanalean, berriz, gaztelaniazko, ingelesezko zein frantsesezko azpidatziekin ikus daiteke dokumentala; laster alemanezko azpidatziak ere gehituko dizkiote. Dokumentalak izandako "harrera ona" azpimarratu dute egileek.

Pasaiako Badia dokumentala aurkeztu zutenetik urtebete pasatxo igaro denean, filmaren orain arteko bertsio guztiak sarean ikusgai jarri dituela jakinarazi du Oinatzak Produkzioakek: euskarazko bertsioa EITBren Nahieran webgunean ikus daiteke; eta Oinatzak Produkzioaken Youtubeko kanalean, berriz, gaztelaniazko, ingelesezko zein frantsesezko azpidatziekin ikus daiteke dokumentala; laster alemanezko azpidatziak ere gehituko dizkiote dokumentalari, ekoizpen taldekoek aurreratu dutenez.

Espainiako Poliziak 1984ko martxoaren 22an Pasaian hil zituen Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarrekin eta Rafael Delas Txapas eta Jose Maria Isidro Izura Pelu iruindarrekin gertatutakoaren bueltan osatutako dokumentala da Pasaiako Badia. 2017ko urrian estreinatu zuten Yuri Agirre, Xabier Otamendi eta Erik Aznal azpeitiarrek zuzendutako lana.

Azaroan, Madrilen eta Berlinen

Oinatzak Produkzioakeko kideek dokumentalak izandako "harrera ona" azpimarratu dute. Joan den ikasturtean 60 emanaldi baino gehiago eskaini zituzten, tartean Herrialde Katalanetan, Madrilen eta Andaluzian. Gainera, ETB1en eskainitako emanaldiak "audientzia datu onak" izan zituela azpimarratu dute, "ohiko audientzia datuak bikoiztu baitzituen". Dokumentalarekin, "Pasaiako kasua gizarteratzeko aletxoa jarri dela" uste dute: "Dena den, asko dago egiteko, oraindik ez baita ez justiziarik ez errekonozimendu ofizialik egon".

Estreinatu eta urtebetera, zabaltzen jarraitzen dute han eta hemen dokumentala. Hil honetan bertan, esaterako, 15ean eta 16an Madrilgo bi aretotan emango dute Pasaiako Badia; eta 27an, berriz, Berlinen emango dute.