Enara Iruretagoiena: "Hilerokoari esangura berriak asmatzeko moduak bilatu behar ditugu"

Uztarria.eus 2018ko aza. 5a, 16:18

Hilerokoaren inguruko kultura berri bat sortzeko eta haren zikloak ezagutzeko asmoz, Ziklikoki Bizitzen proiektua sortu du Enara Iruretagoienak, eta Hile-topaketak eskainiko ditu etzi, asteazkena.

Ikasketaz informatikaria bada ere, ekonomia feminista eta hilerokoaren zikloa ikertzen buru-belarri dabil Enara Iruretagoiena (Irun, Gipuzkoa, 1984). Ziklikoki Bizitzen proiektuaren sortzailea da, eta egitasmoaren barruan, Hile-topaketak eskainiko ditu asteazkenean, 18:00etan, Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Hilerokoaren kulturaz eta ikuspuntu ziklikoaz  "bere osotasunean" arituko da saioan, eta bertaratzen diren emakumeen esperientziak jasoko ditu modu dinamikoan. Biharko saioa emakumeen "babes tokia eta epairik gabeko espazioa" izango dela aurreratu du Iruretagoienak.

Nondik nora sortutako egitasmoa da Ziklikoki Bizitzen?

Orain dela hiru urte, Soy1soy4 komunitate digitala sortu zuen Erika Irustak. Emakumeen babes espazio bat da komunitate hori, eta munduko 500 bat emakumek osatzen dute. Hilerokoaren inguruan dituzten bizipenak kontatzen dituzte han, eta nik ere horretarako beharra sentitu nuen. Euskarazko halako beste proiekturik ez nuen inon ikusi, eta hilerokoaren kultura eta ekonomia feminista ikertzen hasi nintzen. Izan ere, hilerokoaren zikloak nire barrua ezagutzeko balio dit, eta ekonomia feministaren ikuspegia edukitzea, berriz, baliagarria da kanpora begirako harremanez hausnartzeko eta beste modu batera bizitzeko.

Hilerokoaren gaia, oraindik ere, ikusezina da gizartean, eta azken urteetan, medikalizatu egin da. Medikuek zerbait ezohikoa edo arraroa ikusten dutenean, segituan sendagaiak ematen dizkigute, baina apenas egiten dute hilerokoaren eta horren zikloaren ikerketarik. Hori guztiarekin hautsi nahi dut nik; saioetan elkartzen garenean, gaiaz hitz egiten dugu, eta ikusten dugu besteek ere izaten dituztela arazoak. Gaur arte, inork ez du gure gorputza ikertu, eta, beraz, guk geuk egin beharko dugu hori.

Zer egiten duzue Hile-topaketetan?

Hilerokoak duen funtzioa bere osotasunean ulertzen dut; ez naiz mugatzen odola daukagun egunetara. Esaterako, hormonak zergatik izaten ditugun dantzan eta hilerokoaren faseak zein diren ulertzen saiatzen gara. Gainera, saioetan jendeak aukera du bere kezkak, zalantzak eta bizipenak partekatzeko. Ahalik eta saio dinamikoenak egiten ahalegintzen naiz, eta oso garrantzitsua da guztien ekarpenak jasotzea, hilerokoaren inguruan kultura berria osa dezagun.

Nola jakin daiteke norberak zer ziklo duen, eta ezagutza horrek zertarako balio dezake?

Norberak bere gorputzaren erregistroa eginda jakin dezake zer ziklo duen. Aukera desberdinak daude horretarako, baina niretzako erabilgarriena idaztea izan da. Batetik, ilargi diagrama batean nola zauden idazten duzu egunero; aldi berean, zure eguneroko pertsonalean ere idatz dezakezu hori. Hala, zure gorputzaren erregistroa egin dezakezu, eta hiruzpalau ziklotan lanketa hori egin ondoren, bakoitzaren fasean errepikatzen diren patroiak zein diren ikus daitezke, gero ondorioak ateratzeko. Norberaren gaitasunak lantzeko baliabide zoragarria da hori. Modu kolektiboan ari gara hau guztia sortzen, eta ikusi dugu fase horiek laguntzen digutela gure ahalmenen jabe egiten. Gainera, sistema bortitz honi aurre egiteko tresna egokia da zikloa ezagutzea, bizitzan erabaki batzuk har ditzagun edota agenda bat osa dezagun. Jakina, hau guztia saiakera huts bat da; ezer ez dago zehaztuta, eta bidea pixkanaka egiten ari gara, bizipenak partekatuz eta guztien artean ondorioak ateraz. Beraz, ondorioak ere aldakorrak izan daitezke.

Emakumeak, bere bizitzaren zati batean, presente du hilerokoa, baina zer daki horretaz?

Oso gutxi dakigu. Badaude gaiaren inguruan lan egiten duten profesionalak, eta guztiok dakigu hormonak dantzan izaten ditugula ziklo horretan. Baina garrantzitsua da jakitea zikloak eta bizi garen sistemak zer harreman duten.

Aldatu egin al da gizarteak hilerokoarekiko duen ikuspegia?

Ipuina berriz kontatzeko behar handia dago. Gizonezkoek, hilerokoa ez dutenek, sortu duten iruditegian dago hilerokoa, eta horrekin apurtu behar dugu. Gaia mahai gainean jarri behar dugu,  gure gorputzekin jokatzen baitute. Arriskutsua izan daiteke hori; izan ere, hilerokoarekin edota menopausiarekin gaudenean, segituan ematen dizkigute pilulak, eta medikalizaziorako tresnak dira bi kasuak; ez lukete hala izan behar.

Zer proposatzen duzu, beraz?

Lehendabizi, norberaren zikloa nolakoa den ezagutzea proposatzen dut, horren erregistroa eginez eta odola bera ikusiz, usainduz eta ukituz. Izan ere, odolak pista ugari ematen dizkigu nola gauden jakiteko, eta hura behatzea ezinbestekoa da. Nik ez daukat proposamen zehatzik, baina badakit medikalizatzeko saiakera handia egiten dela. Beraz, norberak bere gorputzaren subiranotasuna eduki behar luke. Datu horiekin profesional batengana joan zaitezke, eta modu horretara jakin dezakezu zer gertatzen ari den zure zikloan. Auto-jakintzaren alde egiten dut beraz, baina ezinbestekoa da jakintza hori besteekin partekatzea gero.

Hasi duzun lanketa nola hartu dute herritarrek? Oraindik ba al dago taburik gaiaren inguruan?

Aurreko egunean, foro batean parte hartu nuen jende dezenterekin batera, eta harridura aurpegi asko ikusi nituen. Zalantzarik gabe, gaia tabu handi bat da oraindik orain, eta poliki-poliki egingo dugu bidea. Garrantzitsua da, ordea, norberaren zikloaren behaketa besteekin partekatzea, izan ere,  gaiak erraz sortzen du interesa. Era berean, badago gaia ezagutzeko nahi bat, eta halako bilkurak oso katartikoak eta magikoak izaten dira, emakumeek aurrez ez dutelako gaiaz inorekin hitz egin eta zalantzak argitzeko eraginkorrak zaizkielako.

Odolaren praktikotasunaz ere hitz egingo duzue etzi. Zer egin daiteke odolarekin?

Batetik, behatzea oso garrantzitsua da, eta bestetik, ohiko tanpoien eta plastikozko konpresen bestelako aukerak azaltzen ditut. Era berean, odola hainbat gauzatarako erabil daiteke. Esaterako, oso ona da landareak ureztatzeko, betiere odola ur askorekin nahasten bada. Horrez gain, margotzeko ere balio du. Betidanik esan izan digute hilerokoaren odola zikina dela, eta, beraz, hilerokoari esangura berria asmatzeko moduak bilatu behar ditugu.