Ekaitz Larrazabal 'Katxo' Bizkaiko Bertsolari Txapelketatik kanpo gelditu da

Uztarria.eus 2018ko aza. 5a, 13:35
Ekaitz Larrazabal 'Katxo'. (Bizkaiko Bertsolari Txapelketa)

Santurtzin egin zuten bigarren kanporaketa urriaren 14an, eta saio hartan seigarren sailkatu zen Katxo 391,5 puntu batuta. Puntu horiek ez zaizkio aski izan finalerdietara sailkatzeko. Horrenbestez, txapelketatik kanpo geratu da Azpeitiko bizilaguna.

Ekaitz Larrazabal Katxo (Getxo, 1979) Azpeitiko bizilaguna Bizkaiko Bertsolari Txapelketatik kanpo gelditu da. Atzo, igandea, izan zen final laurdenetako azken kanporaketa Berriatuan, eta bost saioetako irabazleak eta puntuazio onena lortu duten beste bost bertsolari sailkatu dira finalerdietara. Getxoztarrak ez du lortu azken faserako txartelik; izan ere, Santurtzin egin zuten bigarren kanporaketa urriaren 14an, eta saio hartan seigarren sailkatu zen Katxo 391,5 puntu batuta.

Azaroaren 18an hasiko dira finalaurrekoak: lehen saioa Berrizen jokatuko dute, bigarrena Igorren eta hirugarrena Lekeition. Honako bertsolari hauek ariko dira finalerako lehian: Ander Elortegi, Arrate Illaro, Etxahun Lekue, Ibon Ajuriagojeaskoa, Jone Uria, Txaber Altube, Beñat Ugartetxea, Eneko Abasolo, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Aitor Bizkarra, Imanol Uria, Julen Erezuma, Miren Amuriza, Unai Mendiburu eta Xabat Galletebeitia. Horietatik zortzi bertsolari sailkatuko dira abenduaren 15ean Bizkaia Arenan izango den finalera.