Corrado Masacciren 40 urtetako txotxongiloak egiteko lana erakusgai dago Betharramen

Uztarria.eus 2018ko aza. 4a, 16:37

Azpeitiko XXXVI. Euskal Antzerki Topaketetako egitarauaren barruan, Corrado Masacci txotxongilo sortzailearen erakusketa dago zabalik Betharrametako udal erakusketa aretoan. Txontxongilo egilearen 40. urteurrena da erakusketaren izenburua, eta bertan txotxongiloak egiten hasi zenetik gaur egunera arte sortu dituen pieza batzuk ikus daitezke. Azaroaren 18ra bitartean egongo da erakusketa zabalik; astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara eta larunbat eta igandetan 12:00etatik 14:00etara.

Erakusketaren gidaria Masacci bera da, eta bisitatzera doazenak harritzeko eran jartzen ditu mugimenduan berak sortutako txotxongiloak. Antzerki Topaketetan erakusketa jartzen duen laugarren urtea du, "publiko fidela ere badut, badira haur batzuk egunero-egunero erakusketara datozenak", adierazi du Masaccik. Datozen bi asteetan erakusketako agenda bete-betea duela adierazi du artistak: "Herriko eskola umeak etorriko dira goiz eta arratsaldetan, eta, gero, ikustera etorri nahi duen jende guztiarentzako irekita egongo da erakusketa". Sortutako azkenetako txotxongilo bat hartu eta honakoa dio: "Saninazioetan Azpeitian izaten den erraldoien desfilera gonbidatu ninduten, eta, desfilea ikusi ondoren, txotxongilo hau egiteko ideia sortu zitzaidan", dio txotxongilo txiki bat mugimenduan jarriz.