Jendetza irten da plazara XIII. Libre Ardo Dastaketa Egunean

Uztarria.eus 2018ko aza. 3a, 16:28

XIII. Libre Ardo Dastaketa Eguna ospatu da gaur, hilak 3, Azpeitian, eta eguraldia lagun, jendetza irten da herriko plazara, ardoa dastatzera eta jai giroaz gozatzera. Aurten, hamasei upategitako edariak dastatzeko aukera izan dute herritarrek, beltzak zein zuriak, gehienak Errioxa jatorri izenekoak. Horiez gain, aurten, berrikuntza modura Ijalba upategiaren ardo ekologikoak dastatu ahal izan dituzte plazara bertaratu diren lagunek. Edariei laguntzeko, urtero gisa, txorizo zein gazta pintxoen postuak jarri dituzte plazan. 

Txorizo onenaren saria, Lepazpira

Azpeitiko Ardo Egunean txorizoa ere protagonista izan ohi da, egun horretan jokatzen baita Euskal Herriko Txorizo Egosiaren Lehiaketa. Aurtengo txapela Legazpiko Javier Vadillo harakinak jantzi du, eta hark eraman du Mikel Sanjuan tailugileak txorizo sariketako irabazlearentzat egindako oroigarria. Euskal Herriko Lehen Txorizo Egosiaren Lehiaketako irabazlea izan zen Vadillo. Hori dela eta, oroigarria jaso ostean, hitza hartu du bigarrenez Euskal Herriko txapela jantzi duen harakinak. Legazpiarrak adierazi duenez, "lehengo antzera" egiten du txorizoa gaur egun, eta bere errezetari "aldaketa txiki batzuk" bakarrik gehitu dizkiola aitortu du. Bigarren sailkatua Orioko Kepa harategia izan da, eta haren ostean sailkatu da Altsasuko Aldasoro harategia. Laugarren postua Iker Agirretxe arrasatearrak eskuratu du eta Olazagutiako Pako harategiak osatu du Euskal Herriko VI. Txorizo Egosiaren Txapelketako podiuma.

Aurten, orotara, 33 parte-hartzaile animatu dira Txorizo Egosiaren Lehiaketara; inoiz baino gehiago. Gipuzkoatik, Arabatik, Bizkaitik eta Nafarroatik etorritako harakinek hartu dute parte sariketan. Epaileak 10:30ean hasi dira harakinek prestatutako txorizoak dastatzen, eta 14:15 aldera egin dute sari banaketa, Udal ordezkarien laguntzarekin.