Maite Etxezarreta: "Denboraldiak asko ikasteko eta indarra hartzeko balio izan dit"

Urola Kostako Hitza 2018ko aza. 2a, 14:21
Maite Etxezarreta. (Mendialdeak)

Euskal Mendizale Federazioaren mendi lasterketen ra nkinga irabazi du. Gustura dago lortutakoarekin, baina berarentzat garrantzitsuena  "ondo pasatzea" dela azpimarratu du.

Euskal Mendizale Federazioaren mendi lasterketen sailkapena irabazi berri du Maite Etxezarretak (Azpeitia, 1991). 2018an Euskal Herrian egindako hemezortzi lasterketa, kilometro bertikal eta ultra proba hartu ditu federazioak kontuan rankinga egiterakoan, eta Sokaitz taldeko azpeitiarrak 5.993 puntu batu ditu aurten parte hartutako zazpi lasterketetan. "Gustura" da egindako lanarekin.

Mendi lasterketen sasoia hasi zenean, helburuen artean al zenuen Euskal Mendizale Federazioaren mendi lasterketen rankinga irabaztea?

Aurten mendian korrika hasi nintzenerako, rankingeko bizpahiru lasterketa eginda zeuden dagoeneko. Ranking horren barruan sartzen ziren lasterketa asko egiteko asmoa nuen, eta helburu hori aprobetxatuta  parte hartu dut sailkapenean. Irabaztearena beste kontu bat da; izan ere, Euskal Herrian maila handia dago mendi lasterketetan, eta nik ahal dudan guztia eginda ere, emaitza lasterketetako parte hartzaileen araberakoa izaten da.

Zer kontuan hartuta hautatu dituzu denboraldiko lasterketak?

Aurten egin ditudan lasterketa gehienak aurreko urteetan gustatu zitzaizkidanak edo lagunek gomendatu dizkidatenak izan dira. Niretzat garrantzitsuena ondo pasatzea da. Hori dela eta, bizi izan dudan esperientziaren, sortutako giroaren edo ibilbidearen edertasunaren arabera hautatzen ditut lasterketak normalean.

Aurreikusitako emaitzak lortu al dituzu?

Zaila egiten zait emaitzak aurreikustea, guk kontrolatu ezin ditugun faktore asko baitaude mendian. Sentipenei begiratuta, berriz, aurtengo lasterketa batzuk oso gogorrak egin zaizkit, eta dezente sufritu dut horietan, batez ere, gorputzari kasurik ez egiteagatik... Dena den, aurtengo denboraldiak asko ikasteko eta indarra hartzeko balio izan didalakoan nago.

Zein lasterketatan gozatu duzu gehien? Eta horietako zeinetan sufritu duzu gehien?

Zalantzarik gabe, Tolosaldeko T3T lasterketan gozatu dut gehien; hirugarren saiakeran lortu dut mendi maratoi hori bukatzea. Lasai atera nintzen, lokatza mordoa zegoen ibilbidean eta eguraldi bikaina egin zuen. Ibilbide guztian zehar ondo sentitu nintzen, zeinen pozik nindoan esaten nion neure buruari. Sufritu, berriz, ez dakit zein probatan sufritu dudan gehien, baina bizpahirutan, dezente. Egoerari buelta ematen asmatu izanarekin gelditzen naiz.

Herriko lasterketetan ez duzu parte hartu, hala nola Zuzenien igoera bertikalean eta Izarraizko mendi lasterketan. Zergatik?

Batzuek parte hartzeko, beste batzuek antolaketa lanetan aritu behar! Eta niri aurten herrian gelditzea tokatu zait. Egia esan, bi proba horien antolaketa lanetarako talde polita daukagu osatuta, eta gustura aritzen naiz prestaketa lanetan ere.

Kilometro bertikaletan nahiz lasterketetan aritu zara. Zeintzuk dituzu nahiago?

Hamabost kilometro inguruko lasterketak ditut gustukoen, une oro ahal duzun bizkorren joaten zaren horiek. Hanka non jarri pentsatzearekin, kontzentratuta igotzearekin eta beherakoan hartutako abiadurarekin disfrutatzen dut halakoetan. Hala ere, gero eta lasterketa luzeagoak antolatzeko joera dago oro har. Lasterketa luzeagoen eta bertikalen artean, berriz, ez dakit bat aukeratzen.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.