Eman daiteke izena Antzerki Topaketen barruan antolatutako 'Tartean dauden gorputzak' tailerrean

Uztarria.eus 2018ko urr. 31a, 15:52

Parte-hartzaileek idatzitako testu laburretatik eta material autobiografikoetatik abiatuta, irudi fisiko poetikoen sorkuntza praktikatuko dute.Tailerrean parte hartzeko ezinbestekoa da aurrez izena ematea, abengoetxea@kulturaz.eus helbidera idatzita. Azaroaren 5ean, 6an eta 7an eskainiko dituzte saioak, eta orotara 12 ordu iraungo du ikastaroak. 

Aurtengo antzerki topaketetan bada berrikuntza bat: Sormen Astea. Kulturaz kooperatibako kideek sustatu dute egitasmoa, eta azaroaren 5etik 9ra izango da. Alde batetik, bi mikroantzerki eskainiko dituzte Sormen Astearen barruan, eta bestetik, Tartean dauden gorputzak ikastaroa eskainiko dute Metrokoadroka kolektiboko Oier Guillanek eta Jabier Barandiaranek, hilaren 5ean, 6an eta 7an, 16:00etatik 20:00etara. Tailerrean parte hartu nahi dutenek aurrez eman behar dute izena abengoetxea@kulturaz.eus helbidera idatzita. Ikastaroaren matrikula 50 euro ordaindu beharko da. Parte-hartzaileek idatzitako testu laburretatik eta material autobiografikoetatik abiatuta, irudi fisiko poetikoen sorkuntza praktikatuko dute. Horretarako, performanceari lotutako iruditegia, idazketa kolektiboa eta poesia bisualaren elementuak erabiliko dituzte ikastaroan zehar, aktorearen zein sortzailearen baliabideetan sakontzea helburu.

Metrokoadroka kolektiboak azaldu duenez, ikasleekin batera poesia eszenikoaren munduan murgilduko dira hiru egunez. Tailerrak hiru ardatz izango dituela aurreratu du Metrokoadrokak: "Lehenik, ikastaroaren aurretik, etxerako lan moduko batzuk bidaliko dizkiegu ikasleei, ikastaroa hasterako material bat eduki dezagun denok. Ondoren, irudi fisiko poetikoen sorkuntzan murgilduko gara, bakoitzaren materialak oinarri hartuta. Bukatzeko, irudi fisiko poetikoak taldean landuko ditugu, antzezlan baten sorkuntzako lehen etapa simulatuz". Funtsean, irudi fisikoetatik abiatuta,l sormen prozesu kolektibo batean landu daitezkeen tresnak jarriko dituzte praktikan.

Bi mikroantzerki

Mikroantzerkiei dagokionez, bi obra izango dira ikusgai Sormen Asteak irauten duen bitartean. Horiek Soreasutik kanpo ikusi ahal izango dira. Azaroaren 8an, Maita(k)ale borroka antzezlana eskainiko dute 20:00etan hasita, plazan. Azaroaren 9an, berriz, Kronopia antzerkia emango dute 21:00etatik aurrera Sanagustin kulturgunean. 

Azaroaren 9an, aldiz, Kulturaz Antzerki Sormen Egonaldien 2019ko deialdia irekiko da. Aurkezpena 12:00etan izango da Sanagustinen. Joan zen urtean hasi ziren aurrenekoz sormen egonaldiak egiten Soreasu antzokian, Kulturaz kooperatibaren ekimenez. Bertan ondu diren hiru obra izango dira ikusgai aurtengo antzerki topaketetan: 7ak bat, Txarriborda eta Inondik inora. Azken obra hori, gainera, Zubi proiektutik jaiotakoa da. Iaz batu zen Kulturaz Zubi proiektura. Zubi euskal antzerki sortzaile berriei bultzada emateko sortu zen ekimena da, eta bertako kideek hautatua den proiektuari babesa emateko hartzen duten konpromisoa du oinarri.