Herritarrek zer diote?

Uztarria.eus 2018ko urr. 25a, 17:27

Herritarrei Urolako Trenaren inguruan galdetuta, gehienek oroiminez eta nostalgiaz gogoratzen dute. Erabili edo ez, Urola itxi zutenean tristuraz hartu zuten berria askok eta askok.

Uztarria kalera atera da, eta herritarrei zera galdetu die: Gogoan al duzu Urolako Trena? Zein oroitzapen dituzu? Erabiltzen al zenuen? Nola hartu zenuen itxieraren berria?

 

Jose Inazio Segurola  (Azpeitia, 1949)

"Ez dut uste Azpeitian asko eragin zuenik"

"Ez nintzen asko ibiltzen, baina pixka bat bai. Marcial Ucinen egiten nuen lan. Pare horretan trenak enbarazu egiten zuen, tailerra handitu nahi baitzen. Horrek eragin zuelakoan nago. Kendu zutenean, autobusak jarri zituzten, eta horiek betetzen zuten Urolaren funtzioa. Ez dut uste trena kentzeak Azpeitian asko eragin zuenik".

 

Josune Iturria (Azpeitia, 1963)

"Oso erabilgarria zen guretzat, ezinbestekoa"

"Gazteak gineneko oroitzapen politak ditugu. Asko joaten ginen Zumaiara, eta Zumarraga aldera ere bai sarritan. Haserre hartu genuen itxieraren berria. Gure etxean ez zegoen autorik, aitak ez zuen gidatzen, eta horregatik, oso erabilgarria zen guretzat trena, ezinbestekoa".

 

Mila Perez (Azpeitia, 1971)

"Manifestazio handiak egin ziren Azpeitian"

"Abuztuko oporrak noiz iritsiko egoten ginen trenez Zumaiara joateko. Giro ederra egoten zen Urolan. Itxi behar zutela jakin genuenean, izugarrizko pena hartu genuen. Manifestazio handiak egin ziren Azpeitian, jende asko irten zen kalera. Orduan ez ginen ohartu zenbaterainoko kaltegarria izan zitekeen Urolaren itxiera".

 

Juan Albizu (Azpeitia, 1950)

"Gainerako herriek ez zuten asko borrokatu"

"Asko oroitzen naiz Urolako trenaz. Garai hartan denok ibiltzen ginen trenean, ez baitzegoen herri batetik bestera mugitzeko aukera askorik. Ixtearen erabakia alderdi politikoen gorabehera izan zen. Herritarrek indar asko egin zuten arren, ez zen nahikoa izan erakundeen erabakia aldatzeko. Dena den, uste dut bailarako gainerako herriek ez zutela gehiegi borrokatu trenaren alde. Azpeitian zegoen indar gehien".

 

Cecilia Etxabe (Azpeitia, 1948)

"Giro ederra sortzen zen Urolaren bagoietan"

"Asko erabiltzen genuen trena. Haurrekin hondartzara joaten ginenoi asko errazten zigun dena, zerbitzu ona ematen baitzuen. Horrez gain, gogoan dut giro ederra sortzen zela bagoietan. Gaztetxoek eta gazteek oihu egiten zuten denek batera tunelean sartutakoan, ilunpean. Itxi zuten garaiaz oso ondo oroitzen naiz. Pena sentitu genuen gehienok, baina erakundeek hartutako erabakia izan zen, eta haiek hartutako erabakiak onartu izan ditut beti, zarata askorik atera gabe".

 

Edurne Zumalakarregi (Azpeitia, 1959)

"Itxi zutenean pena sentitu nuen"

"Sekula ez nuen erabili. Beti kotxez ibiltzen nintzen. Hala ere, itxi zutenean, pena sentitu nuen. Etxe paretik pasatzen zen, eta sarritan entzuten nuen haren pi-pi! hotsa; ez dakit, alaia zen. Nire ezagun askok Zumarragatik Azpeitira etortzeko erabiltzen zuten. Herriak trena nahi zuen, eta ondo etortzen zitzaion, zulo batean bizi baikara".