Adinekoen egoitzetarako herrialdeko hitzarmen "duina" exigitu du LABek

Uztarria.eus 2018ko urr. 23a, 15:21

LAB sindikatuak mobilizazioak egin ditu gaur, asteartea, Azpeitian, Gipuzkoako adinekoen egoitzek herrialdeko lan hitzarmen "duina" izan ditzaten aldarrikatzeko. Zarauztik abiatutako auto karabana amaitu dute eguerdirako herrian, eta horren ondotik elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek plazan.

Adinekoen egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaiak joan den ostiralean egin zuen bilera, eta sindikatuaren arabera, Adegi, Matia 2020, Lares eta ACGG patronalak horretarako "borondate eza" erakutsi zuten. Izan ere, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako herrialdeko hitzarmena 2012tik berritu gabe dago, eta sindikatuak, besteak beste, oinarrizko soldata toki eta foru administrazioen menpe dauden langileen bataz bestekoari homologatzea eskatzen die haiei. Era berean, honako eskaera hauek dira LABek negoziazio mahaira eraman dituenak: kontratazioa zuzena, mugagabea eta aldi osokoa izatea; langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lanbatzorde parekidea sortzea; eta prestakuntza kontuan izateko puntu garrantzitsua izatea. Patronalak, ordea, sindikatuaren aldarrikapenei erantzuten ez dien proposamen bat aurkeztu diela adierazi du, eta horren aurrean, bere ezinegona azaldu du LABek. "Nazkatuta gaude patronalek duten jarrerarekin, negoziazio mahai honek langileen beharrei ez erantzutearekin, sektore honen arduradun nagusia den Gipuzkoako Foru Aldundiak gure behar eta aldarrikapenei muzin egitearekin. Gai honetan utzikeria ulertezina da, sektorea herrialdeko hitzarmenik gabe dago eta langileak 2012ko soldata taula eta lan baldintzekin jarraitzen dute, kasu batzuetan lan baldintza okerragoekin ere bai".

Hori hala izanik, ostiralerako greba deitu du sindikatuak, eta elkarretaratzea egingo du 12:00etan Donostiako Gipuzkoa plazan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Gainera, egoerak "bere horretan" jarraitzen badu, deialdi gehiago egingo dituela aurreratu du LABek. Era berean, langile guztiei dei egin die herrialdeko hitzarmen duin baten alde "borroka" egin dezaten.