LABek adinekoen egoitzetako lan hitzarmenaren aldeko elkarretaratzea egingo du bihar plazan

Uztarria.eus 2018ko urr. 22a, 17:02

Kotxe karabana egingo dute goizean Zarauztik Azpeitiraino, eta 12:00etan egingo dute bilkura. Ostiralerako, berriz, egoitzetako langileak grebara deitu ditu sindikatuak Gipuzkoa osoan.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetarako herrialdeko lan hitzarmena aldarrikatzen ari dira azken asteetan langileak eta sindikatuak. Gai horretan patronala eta erakundeak erakusten ari diren "utzikeria ulertezina" salatuz, mobilizazioak egiten ari da LAB sindikatua, eta Urola Kostara iritsiko dira LABekoen aldarrikapenak bihar. Goizean, kotxe karabana egingo dute Zarautz eta Azpeitiraino, eta elkarretaratzea egingo dute 12:00etan Azpeitiko plazan.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaiak urriaren 19an egindako bileran Adegi, Matia 2020, Lares eta ACGG patronalek "herrialdeko lan hitzarmen bat lortzeko duten borondate eza erakutsi" zuten, LABen esanetan. Oinarrizko soldata toki eta foru administrazioen menpe dauden langileen bataz bestekoari homologatzea; kontratazioa zuzena, mugagabea eta aldi osokoa izatea; langileen ratioak eta mailak ezarriko dituen lanbatzorde parekidea sortzea; eta prestakuntza kontuan izateko puntu garrantzitsua izatea dira LABek negoziazio mahaira eraman dituen eskaera nagusiak. Patronalek azken bileran aurkeztutako proposamena eskaera horietatik urrun dagoela iritzi dio LABek, eta horregatik erabaki du irailaren 12an hasi zituen mobilizazioekin jarraitzea. "Nazkatuta gaude patronalek duten jarrerarekin, negoziazio mahai honek langileen beharrei ez erantzutearekin, sektore honen arduradun nagusia den Gipuzkoako Foru Aldundiak gure behar eta aldarrikapenei muzin egitearekin. Gai honetan utzikeria ulertezina da, sektorea herrialdeko hitzarmenik gabe dago eta langileak 2012ko soldata taula eta lan baldintzekin jarraitzen dute, kasu batzuetan lan baldintza okerragoekin ere bai", dio sindikatuak.

Ostiralean, greba

Hain zuzen ere, "borroka areagotzea" erabaki du LABek, eta ostiralerako, urriak 26, greba deitu dute; egun horretan, 12:00etarako elkarretaratzea deitu dute Donostiako Gipuzkoa plazan, foru aldundiaren egoitza nagusiaren aurrean. "Egoerak bere horretan jarraituz gero, grebarako deialdi gehiago egingo" dituela ere aurreratu dute.