Beñat Lizaso bigarren, Pello Errota sariketan

Uztarria.eus 2018ko urr. 22a, 13:21

Dozenaka lagun izan ziren larunbatean Asteasuko Iturri-ondo jatetxean jokatutako I. Pello Errota bertsolari txapelketaren finalean. Bertso afari formatuan egin zuten finala, eta afalostean lau bertsolari aritu ziren lehian: Unai Gaztelumendi, Eneko Lazkoz, Beñat Lizaso eta Asier Azpiroz. Lazkozek irabazi zuen lehen edizioko txapela, eta haren atzetik, bigarren, sailkatu zen Lizaso.

Aurten antolatu dute lehen aldiz Pello Errota bertsolari sariketa, hura hil zeneko mendeurreneko ekitaldien barruan. Izan ere, 2019an ehun urte beteko dira Pello Elizegi bertsolaria hil zela. 25 urtetik gorako bertsolariei zuzendutako sariketa da, eta hamabi lagunek parte hartu dute bertan.

Argazkian, bertsolariak eta sariketaren antolatzaileak larunbatean, finala bukatzean. (Asteasuko Udala)