160 trikitilari eta trikitizale elkartuko dira gaur Sanagustinen, Trikigiroren afarian

Uztarria.eus 2018ko urr. 19a, 11:40
Iazko Trikigiron elkartu ziren musikariak, plazan.

80 trikitilarik egingo duten kalejirarekin hasiko da jaialdia, 20:00etan. 21:00etan afalduko dute eta afalondoan erromeria izango da kulturgunean bertan.

Gaur egingo dute IV. Trikigiro jaialdia. 2015ean, trikitiaren transmisioa bultzatzeko asmoz hasi ziren jaialdia egiten Azpeitian. Hasieratik izan zuen arrakasta, eta aurten ere Urola Erdiko dozenaka trikitilari, panderojole eta zaletu elkartuko dira herrian, Trikigiro elkarteak egindako deialdiari erantzunez. Horrela, 160 lagun bilduko dira Sanagustinen egingo duten afarian, horien artean 80 trikitilari eta pandero-jotzaile.

Egitaraua beste urteetakoaren antzekoa izango da. 19:00etan elkartuko dira eskualdeko trikitilariak Sanagustinen eta ordu horretan 30 musikari gaztetxok saioa eskainiko dute. 20:00etan, 80 trikitilarik eta panderojolek kalejira hasiko dute plazatik; 21:00ak arte ibiliko dira kalez kale. Ordu horretan hasiko da afaria Sanagustinen. Afalondoan, 23:00etan hasiko da erromeria.