Azpeitiak ere bat egingo du aurten Bizilagunak programarekin

Uztarria.eus 2018ko urr. 18a, 18:31
Bizilagunak egitasmoaren aurtengo kartela. (SOS Arrazakeria)

Azaroaren 11n egingo dituzte aurten Euskal Herriko hainbat herritan jatorri ezberdinetako herritarrek elkar ezagutzeko bazkariak. Parte hartu nahi duten azpeitiarrek hilaren 29rako eman behar dute izena udaletxean.

Bizilagunak egitasmoa Azpeitira iritsiko da aurten. 2012an jarri zuen martxan SOS Arrazakeria elkarteak jatorri desberdinetako herritarrak batzea eta elkar hobeto ezagutzeko zubiak eraikitzea helburu duen egitasmoa. Euskal Herriko hainbat hiriburutan eta herritan, urtean behin, mahaiaren bueltan elkartzen dira herri bereko jatorri desberdinetako familiak eta lagunak, bazkaltzeko. Azaroaren 11 aukeratu dute aurten Bizilagunaken barruko topaketa horiek egiteko.

SOS Arrazakeriak Azpeitiko Udala gonbidatu du aurten herrian egitasmoa sustatzera eta erronkara batzea erabaki du Udalak, jatorri desberdinetako herritarrekin lan egiten duten eragileekin elkarlanean. "Jatorri ezberdineko herritarren arteko elkar ezagutza sustatzeko balio du, aurreiritziak bertan behera utzi eta kultura ezberdinen aberastasuna batzeko. Interesagarria da horregatik, herritarren arteko elkarbizitza hobetzeko eta kultura aberastasuna indartzeko eta ezagutarazteko", adierazi du Estitxu Elduaien Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak.

Herriko ikastetxeek, Elkar-ekinek, Caritasek, janari bankuak, arropa bankuak eta Loiola Zentroak ere babestu dute ekimena.

Izen ematea, zabalik

Urriaren 29ra arte eman dezakete izena Bizilagunak egitasmoan parte hartu nahi duten azpeitiarrek, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako 943-15 71 92 telefono zenbakira deituta edo ikastaroak@azpeitia.eus helbidera idatzita. Edozein familiak parte hartu dezake, baita norbanakoek edota lagun taldeek ere.

Azaroaren 11n, bazkari bakoitzean, bertako familia bat eta familia etorkin bat elkartuko dira; eta haiekin batera, baita dinamizatzaile lana egingo duen beste herritar bat ere; horrek aldez aurretik ezagutuko ditu bere ardurapean elkarrekin bazkalduko duten bi sendiak. Dinamizatzaile izatea nahi dutenek ere aurrez eman behar dute izena.

Elduaienek egitasmoa parte hartzera animatu nahi ditu herritarrak: "Aurreneko aldia da, eta badakigu horrek bertigoa sortu lezakeela, baina beldurrak uxatzeko eta animatzeko eskatzen dugu: bai anfitrioi bezala, zeure etxean, familiarekin, kuadrillan soziedadean, edozein aukera delako ona. Bai bisitari bezala, beste kultura bat, beste jaki batzuk, eta bereziki, familia eta bizipen berriak mahaiaren bueltan ezagutzeko balioko duelako".